Síguenos en redes sociales:

Aldaketa, nekez

Kontent egoten ahal dira Bilduren sor-tzaileak. Eratu zenetik aste guti batzuk iraganik, lehenbiziko fruituak ematen ari da apustu xelebrea iduri zuena. Konstituzio Auzitegiaren erabakiak, aspaldiko partez justizia ezarri ez ezik, interesgarri bilakatu ditu hauteskunde hauek. Espektroaren zati abertzalean, konparaziorako, bozketak argigarriak izanen dira. Nafarroa Bairen ordezkaritzaren tamaina auzitan jarri izan du urte hauetan ezker abertzaleak, legez kanporatzearen ondoriotzat jo baitu haren atal handi bat. Maiatzaren 22an jakinen dugu nor den gehiago eta nor gutiago Nafarroako abertzaletasunean. Bildu hauteskundeetan egoteak, bertzalde, kontuak hautsi dizkie UPNren barnean PPrekiko harremanak berriz ere bideratu eta lehengo kideekin gobernu koalizioa osatzea amesten zutenei. Eskuinaren erabateko gehiengoa gaitz zegoen lehenago; ezinezkoa ematen du orain, inkestetan inondik ere ageri ez den boto uholdea gertatu ezean. Horrek PSNri eginen dio mesede, Barcina Jimenezen premian egonen baita gobernatu ahal izateko, Sanz egon den bezala. Azken legegintzaldiko egoera errepikatzea da, beraz, hauteskunde hauetatik espero dezakegun gauza bakarra? Testuinguru politiko orokorrari begiraturik, ikaragarriren bat gertatu behar litzateke hala ez izateko. "Aldaketa" aise erabiltzen dute ahoan Nafarroa Baiko, Ezkerrako eta PSNko hautagaiek. Sineste sendorik ez zaie sumatzen. Lehenbiziko biek nahi bai, baina badakite hirugarrenaren baitan dagoela afera. PSNk nahi balu ere -ikusteko dagoena, bertzalde- PSOE prest ote legoke Bilduren botoak jasotzera, Nafarroan bere alderdiko lehendakari bat izatearen truke? Eta alderantziz: Bildu prest legoke bere botoak Jimenezi dohain ematera, UPN oposiziora bidaltzearen ordain hutsez? Gauzak egunetik arrats aldatzen ari badira ere, ez gara hartaraino etorri, eta bertzelako aukerak urrunegi daude oraindik. Momentuz, mapa politiko berria izanen dugu. Aldaketa, nekez.