Ez aitzakia hutsa
Nafar sozialistek Bilduren aitzakia erabili dute beren erabakia zuritzeko. Aitzakia da, baina, aitor dezagun, ez aitzakia hutsa. Bilduri jende anitzek eman dio botoa. Ezker abertzalearen hautagai zerrenda bati inoiz eman izan dioten baina gehiagok. Errealitate anitzen isla dira boto horiek. Ez da, segur aski, munta tikienekoa azken 30 urte hauetako historia tristeari behin betiko amaiera emateko gogoa. Nahia ez da, hala ere, aski. Nahi izate hutsarekin ez da iragana ezaba-tzen. Norbaitek esplikatu beharko lioke Bilduren boto emaileari -eta bertze abertzaleei ere- ez dela hain erraz ezabatuko ETAren jardunak politikagintzan utzi duen arrasto zornatua. Ezta ETA egiazki desagertu ondoan ere. Bildu, bertzeak bertze, ezker abertzaleak politika normalizatua egin dezan sortu da. Urte parrasta joan beharko dira, ordea, gogo hori zinez mamitzeko, bai bederen Nafarroan nahi zen bezalako gobernu akordio bateraino. Hori noiz izan daitekeen? Batek daki. Ez heldu den urtean, ezta erakunde armatuak denok nahi dugun iragarpena eginen balu ere. Egin kontu, gainera, orduan ere ez litzatekeela gauza segurua PSNren eta abertzaleen arteko akordioa. 1979tik hona, ikuspegi espainolaren edo ezkerrekoaren arteko hautua trenkatu behar izan duten guztietan, lehenaren alde egin dute Nafarroako sozialistek. Gobernuan sartzearekin PSNri hondamendia etorriko zaiolakoan, itxaropentsu ageri dira abertzale batzuk. Egia da Jimenezen alderdia are gehiago erortzen ahal dela. Hala ere, ez nuke horretan esperantza handirik jarriko. Bi-hiru parlamentariren dantzak ez du egoera irauliko, oraingo egoera egonkor-tzen bada, haiek -UPSN- beti izanen bailirateke nagusi. Kurioski, nola edo nondik hazi burua hausten dugunean, inork ez du begiratzen espektroaren bertzaldera. Barcinari, PSNren saldukeriak ez ezik bere 19 parlamentariek emanen diote lehendakaritza. Eta hemen inork ez du oraindik asmatu UPNri botoak kentzeko makina.