Ezagutzen ditugu enpresariak. Ezagu-tzen, kultur eragileak. Gurean guti dira, tamalez, aldi berean enpresari eta kultur eragile. Horietarik da Joxe Anjel Arbelaitz oiar-tzuarra. Bere herrikide eta adiskide Xabier Leteren ondarea gal ez dadin, endredatua dabil aspaldi honetan Euskal Herriko bideetan barrena. Kantari eta musikari tropa bat, bikaina, darama berarekin. Bere asmoaren berri buruz buru eman beharrez elkarrizketa eskatu omen zion Iruñeko Udaleko kultur zinego-tzi berriari. Fermin Alonsok (UPN) erantzun ere ez. Barcinaren estiloak zain sakonak ditu hiriburuko Herriko Etxean. Zorionez, Udalaren laguntza ez da nahitaezkoa izan Iruñeak ere Leteri zor zion omenaldia egiteko. Hainbat talde eta erakunde ibili zaigu elkarlanean horretarako. Berri ona genuke etorkizunean ere lankidetzarako gogoa itzaliko ez balitz, bazterrak egarriz baitaude hemen. Horren lekuko, ortziralean, Gayarreko giroa. Susmatzekoa zen jendea etorriko zela. Baikorrenak ere ez zuen uste halako betekadarik. Guardia zaharra nagusi; gazteak ere bai, tarteka. Hauek erakarri nahirik, lana egin da lehengo eta oraingo belaunaldietako artistak elkartzen Leteren kantutegiaren inguruan. Ez dakit balio izan duen gazteek Lete ezagutzeko; zaharrek gaurko kantari batzuk ezagutzeko bai, bederen. Enbor beretik sortzen ari direnak. Ortziralean, Gayarreko oholtza gainetik aditutako bertsioen ñabardura berriek Leteren obraren bertze dimentsio bat erakutsi ziguten. Gaurkotua. Hobetua. Eta horrek ez du Leteren figura mendratzen, zer kantugile handia izan zen erakusten baizik. Zer erran, halaber, haren letrak berriz ere adituta hainbertzek harrapatu genion gaurkotasun ukaldiaz. Lete ez da zahartu. Lete ez da hil. Hiru ordu iraun zuen ekitaldiak, gehienendako labur. Poetaren hitzetan, hesia urratu zuen Urepeleko artzainak. Eztarria urraturik atera ginen gu Karlos III.eko espaloira. Igandero ez dakit. Noizean behin errepikatu behar lirateke asteburu hasierako meza hauek.
- Multimedia
- Servicios
- Participación