Fragarekin bateratsu joan zaigu Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, kasik adin berean. Bere kume den erakunde armatuaren desagerpena ere gutitarik ez du ikusiko irakasle donostiarrak. Denbora bat joaten ari zaigu eta bertze bat etortzen, lauhazka.

Urruna gertatzen zitzaidan Txillardegiren miopia, mundua abertzaleen eta ez abertzaleen artean banaturik ikustekoa. ETAren sorrera ere merezimendu dudazkoa zait. Pentsatu nahi dut, alabaina, talde armatua ez zela 70eko hamarkadatik aitzinako munstroa bilakatuko erakundearen zuzendari-tzan segitu izan balu idazle zendu berriak. Bai, badakit; horretarako daturik batere ez dut, eta halako ustea izateko berme eskasa da Txillardegik borroka armatuaren aldera azken urteetan agertu zuen distantziamendu isila, euskal kulturako jendearen artean hain ohikoa, bertzalde.

Beharrik joriagoa den haren biografia. Hagitzez joriagoa. Bertzeak bertze Txillardegiren ahaleginaren ondorioa da, euskara errebindikazio politikoen lehen planora igo izana, eta hizkuntza totemiko hutsa izatetik gelditu izana. Ezkerra ekarri zion Txillardegik euskal abertzaletasunari; modernitatea, euskal nobelari; arintasuna, euskal saiakerari; soziolinguistika, euskal hizkuntzalari-tzari; kolorea, euskal gramatikari. Hori guztia ez zaio aski izan gure literaturaren gailurrean luzaz irauteko. Gramatikari gisa egindako lanak ere ez zizkion ireki Euskaltzaindiaren ateak. Bere gogoz nahiz bertze batzuen erabakiz, azken urteetan bigarren lerroa egokitu zitzaion hainbertze gauzaren sortzaile eta abiarazlea izan zenari. Paradoxa bat gehiago paradoxaz beteriko bizian.

Sabino Aranarekin eta Telesforo Monzonekin alderatu dute egun hauetako nekrologikoetan. Auskalo. Urrun ala hurbil, egungo euskaltzale eta abertzale guztiok garenaren zati bat Jose Luis Alvarez Enparantzari zor diogu. Txillardegiri.