Euforia
denbora dexente iragan da azkenekoz karrikara atera ginenetik. Ez da izan arrazoi eskasean genbiltzalako. Motiboak bata bertzearen gainean pilatu zaizkigu azken urteetan, gure aldetik erantzun ozenik en-tzunarazi gabe. Zergatiak ugari dira, ez denak jatorri berekoak. Ukaezina da euskararen errebindikazioan aitzindari izan den belaunaldi baten nekea. Hori bezain begi-bistakoa, gazteagokoen segida falta. Ez da akuilu ona behin eta berriz ikustea bildutako fruituak ez direla inoiz izaten egindako lanaren neurrikoak. Pareta baten kontra burua alferrik kraskatzen ari ginela sentitzeraino. Egindako hanka-sartzeen jakitun izateak utzitako barren txarra ahantzi gabe. Bertzelakoak ere gehitzekoak dira. Erakunde bateratzaileak baditugu, baina ez dirudi haien indarra eta itzala euskaltzaleak mugiarazteko aski. Taldekeriek, hegemonismo nahiak eta boikot ezkutuek orban ugari utzi dituzte, bertzalde, aktore izan behar luketen batzuengan, eta elkarlanerako bideak zaildu. Hirugarrenik, ez dira gutxiestekoak, sektore garrantzitsu baten espektatiba politiko hurbilen hondoramenaren ondorioak, euskaltzale aunitz gogogabetzeko tenorean. Hori guztia aski ez, krisiak beltz jo gaitu. Ez bakarrik administraziotik etortzen zitzaizkigun diru apurrak desagerrarazi dituelako. Osasunari, lagun- tza sozialei eta langabezia-sariei ausikika dabilzkien garaian, nondik indarra atera euskararendako sosak defendatzeko? Irudipena dut gogoz elbarriturik ibili garela azken urteetan. Joan den asteazkena arte. Joan den asteazkenean dena ezohikoa izan zen. Ezohiko antolatzaileak, batzuk bederen. Ezohiko denbora urria, prestatzeko. Ezohiko eguna eta ezohiko ordua ere, kasik. Ematen zuen dena antolatua zela berriz ere porrot egiteko. Gure sumina gainez, horixe baizik ez zuen alde. Eta ongi atera zen. Ezohikoz, ongi. Nolabaiteko euforia sumatu dut inguruan joan den asteazkenetik hona. On eginen liguke irauteak. Euforiaz ari naiz.