Arenys-tik Etxarrira
2009ko irailaren 13an, Arenys de Munt-eko (Bartzelona) herritarrek bozketa egin zuten Kataluniako independentziari buruz. Hautestontziak bete aitzinetik nahiz ondotik, sekulako kalapita atera zuten hedabideek. Estatuko politikarien artean bakarrik ere ez zen bere iritzia eman gabe gelditu Maresmeko herriko bizilagunen ekimenaz. Izan zen, Madrilen, armadaren esku hartzea eskatu zuenik. Beharbada susmatzen zuten zer zetorren. 2010ean, bertze 80 bat udalerri kataluniarretan egin ziren gisako bozak. 2011 Diada alimalekoaren urtea izan zen. Gero, geroko guztia.
Kataluniako independentismoaren abiadak gure arteko zenbaiti pizten dion inbidiaren kumea da Etxarri-Aranazko igandekoa. Emaitzak ez dakit antolatzaileak asebeteko zituen. Sakanako herriko bizilagunen delako suhartasuna kontuan harturik, beharbada espero izatekoa zen parte-hartze handiagoa, %50aren marra psikologikoaren gainetik-edo. Tira, %40a gainditzea ere ez da txori-kaka. Arenys-en berean nonbait hor ibili ziren. Oihartzun mediatikoaz den bezainbatean ere ez da maingu ibili igandeko bozketa. Urrun, nolanahi ere, Arenyskoak atera zuen zalapartatik. Aitzindaria izatea zer den: irain eta laidoetan ere motzago ibili dira Etxarriko galdeketa larrutu dutenak.
Bertze herri batzuek txanda noiz hartuko ari izanen dira orain igandekoaren antola-tzaileak. Esperantza, nonbait, Etxarriko pindarra Euskal Herri guztia bereganatuko duen sutea bilakatuko ote den. Ez dakit, bada. Katalunian ez bezala, hemen kiskalirik utzi ditu bazterrak, puska baterako, azken 40 urteko suak. Nafarroatik ikusita, bertzalde, galdetzekoa da independentziaren bandera argudiorik inteligenteena ote den hilabete gutiren buruan aldaketa politikoaren komenientziaz konbentzitu nahiko duzun nafar arrunt horri begira. Zure lehentasunen artean hori bada, behintzat.