Síguenos en redes sociales:

Valentziarrak behe-lainoan

Raimon kantariak zalantzak agertu ditu Kataluniako independentziaz. Kultura katalanaren figura ezagunenetariko horrek ez du, nonbait, inoiz independentziaz pentsatu. Al vent eta Diguem no kantak frankismoaren kontrako himno bilakatu zituenak uste du independentziaz gain bertze bide batzuk posible direla herri katalanarentzat. Xativako semea, gainera, beldur da, valentziarra den aldetik, Principat-eko lau probintzien bereizteak ez ote lukeen ekarriko, zehar-kalte gisa, bere herrialdeko izaera katalanaren ahultzea. Are gehiago, uste du Valen-tziako sektore ultraespainola jadanik balia-tzen ari dela iparralderagoko uhin independentistaz hizkuntza katalanaren kontrako gurutzada etengabea areagotzeko. Horiek guztiak erran ditu Raimonek, non eta Bar-tzelonan, hiriburu horretan azken asteburuan eman dituen kontzertuen harira, heldu den ekainean Kataluniako Letren Saria jasotzeko bezperan. Eta epelak entzun ditu horretakoz. Traidorea da, nonbait. Traidorea, azken mende erdian kultura katalanaren alde gau eta egun lanean aritzeagatik bere herrialdean bazterkeria eta jazarpena pairatu dituena. Alfer lana da hemendik defendatzea Raimonen eskubidea iritzia emateko eta horregatik iraindua ez izateko. Idazle, kazetari eta kantari katalan aunitzek -ez bakarrik valentziarrek- egin dute egun hauetan nire partez. Alfer lana, orobat, deitoratzea Kataluniarena bezalako kinka batean hainbat jenderengan erraiak nola gailentzen zaizkion adimenari, grisa dagoen tokian -Raimon kontsultaren alde dago- zuria edo beltza ikusteraino. Nafarroatik begiratuta, Raimonen kezka dugu ohartarazteko modukoa: Kataluniarrek Espainiari egin nahi dioten adeu horrek zer ondorio ekarriko ditu katalanez mintzo diren gainerako herrietan? Ez genuke ahantzi behar, valentziarrak behe-lainoan gara nafarrak.