Aste honetan ere, Euskal Telebista albiste Nafarroako Parlamentuan. Oposizioak Gobernuari galdegin ea zer egiten ari den ETB modu digitalean ikusi ahal izateko, eta Sanchez de Muniain bozeramaileak zirikatzaile abertzaleak mutuarazi: “Zertan ari zarete kexaka, frekuentzia bat esleitu badiogu euskarazko kanal bati?”. Ez da osoki egia. Abian Komunikazioa izeneko enpresa iruindarrak herrialde osorako telebista kanalerako lizentzia dauka 2013az geroztik. Haren proiektuan, ordea, euskarazko programazioa %25eraino baizik ez da iristen. Eta gauza bera litzateke %100ekoa balitz ere. Lizentzia eskuratu zuenetik urte eta erdi joan da, baina proiektua proiektu baizik ez da, oraingoz. Gure etxeetaraino, bederen, ez da ailegatu, ezta horren aztarrenik ere, epe motzean. Abianek berak, Xaloak eta Hamaika Telebistak bertze horrenbertze telebista proiektutarako lizentziak eskuratuak dituzte, Iruñerrirako. Iduri du, beraz, euskara aspertzeraino izan genezakeela, gure pantailetan. Bai to. Horietariko bakar bat ere inoiz gauzaturik ikusiko ote dugun, sekreturik gordeena da oraino. Han eta hemen galdeturik ere, inork ez du deusen aditzerik. Bitartean, salbuespenak salbuespen, euskaltzaleok talde politikoen eskuetan abandonatu dugu euskarazko telebista publikoaren kanalen eskaera. Gure haur eta gazteen euskalduntze erdipurdikoez arduraturik egon behar luketen erakundeek beren denboraren minutu bat ere ez dute galdu kontu triste honekin. Nafarroan, ez dirudi lehentasuna dutenik beren ikasleen euskara maila goititzen lagun dezaketen hedabideen errebindikazioa. Eta Komunitate autonomoan, oraindik entzun gabe gaude haien kezka, kate euskalduna lurpera eramaten ari den programazio oro har negargarriagatik. Ez da UPNrena gure gai-tzen erru guztia. Bistan dena, Zangozan izanen gara, gu ere bai, heldu den igandean.
- Multimedia
- Servicios
- Participación