Argitaratu zenetik hona kasik urtebete iragan bada ere, ez du zalaparta handirik atera Luis Garderen Ehiztarien isilaldia-k. Iruindar doneztebartuak poesia liburu andana utzi ditu lehenago literaturaren plazan. Gehienak ez dira oharkabean joan. Are ulertezinagoa, beraz, haren lehen nobelaren oihartzun apala. Gardek pil-pilean dagoen gaia hautatu du hitz lauan estreinaldia egiteko. Zer eta (des)memoria historikoa. Liburu bat baino gehiago ondu izan du Ezkaba mendiko espetxetik ihes egindako preso errepublikanoen sarraskiak: salaketa historikoa, testigantza, baita eleberriren bat ere. Denak erdaraz. Orduko pasadizoei euskaraz heltzen dien lehen lana izateak merezimenduren bat bazuen, bederen. Are gehiago Gardek erakutsi duen mailari erreparatuta. Nobela erran zaio Ehiztarien isilaldia-ri. Generoaren adiera zabalenean ulertu behar da hori, hau da, denetarik onartzen duen zaku gisa. Izan ere, Gardek, eskuzabal, liburu bakarrean hiru eskaintzen ditu tartekaturik. Batetik, fikziozko istorioa. Bertzetik, poema sorta. Hirugarrenik, nire gustuko interesgarriena, idazlearen -edo harekin eite handia duen pertsonaiaren- kontakizun autobiografikoa. Lehen atalak 1938ko maiatz ilun hartara eramaten gaituzte, bi iheslari izengaberen ibileretan finkaturik. Azkenak liburuaren gorpuzte-prozesua aitzakiatzat harturik, oroimenaren eta ahanzturaren eraikuntza jorratzen du, funtsean, gure eguneko zenbait konturen artean sigi-sagaka. Egun beltz haietako gertakarietan, Gardek ez ditu errudunak auzoan bilatzen, etxean baizik. Iruñerriko jende xehe aunitzen prestasuna ihesaren ondoko ehizaldian parte hartzeko, horra zer zaion lazgarriena. Hori, eta geroko mututasuna. Erran gabean, ehiztari eta isiltasun berriagoen itzala dabil hegaldaka liburuan zehar, gure denbora ahanzkorren oroigarri. Ez da liburu perfektua. Bai edozein literaturzale gozarazteko modukoa.