Egunkari hau argi eta garbi agertu da aldaketaren lau indarrek bat egitearen alde, ekainaren 26ko hauteskundeetarako. Norabide berean doa Bilduren eta Geroa Bairen apustua. Halaxe jakinarazi dute Nafarroako Gobernua zurkaizten duten bi zutabe abertzaleek. Harro aire guti, abenduko bozketetan Madrilgo Kongresuan ordezkaririk gabe gelditu zirenek. Espainiako ezker berria haize alde dabilen bitartean, hobe haren uberan jartzea baliagarritasunaren izenean botoak galtzen segitu baino. Gisa honetako zerrenda bat Nafarroako lehen indarra bilakatu eta hirugarren diputatua lortzetik hurbil ibiliko litzatekeela azpimarratu izan da egun hauetan. Nafarroak ordezkari abertzale bat bidal lezake horrela erresumako hiriburura. Laukoak behar lukeen bertze bi zurkaitzetan dago koska. Laura Perezek (Podemos-Ahal Dugu) iradoki zuen atzo: Nafarroan aldaketaren lau indarren artean zerrenda bateratua adosten bada, bere alderdikoak izan beharko dira lehenbiziko bi hautagaiak. Harritzekorik ez, bakarrik aurkeztuz gero oraingo bi diputatuak berriz ere hautatuak izateko aukera handiak dituenarengan. Alabaina, gauza gehiago erraten zituen Iglesiasen ordezkari nafarrak, eta erraten zituen gauza horietan kar epela sumatzen zitzaion koalizio zabalaren aldera. Are epelagoa Izquierda-Ezkerrakoei. Azken egun hauek behin berriz erakutsi digute gure historia garaikide bortitzak noraino segitzen dituen baldintzapetzen politikaren joan-etorriak. Compromisekin edo Anosarekin zerrendak hitzartzea beharbada doan ateratzen da Espainian. Ikusteko dago Podemos prest dagoen Nafarroan Bildurekin elkartzeak Estatuan ekarriko liokeen gaitzespen zaparrada bere gain hartzeko. Oso litekeena da hauteskundeetarako trepetak hanka abertzaleak baizik ez izatea. Estilo zaharreko ezkontza izanen da, zenbakiek eta ez amodioak ekarria, amnesian oinarritua. Lehenago funtzionatzen zuen.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
