naroa Jauregizuriak, Nazio markagintza. Nola transmititu gure balioa liburuaren aurkezpenean, marka dela produktu baten identitatea zabaltzen duen tresna aditzera eman zuen, “produktu horren ospea landu eta transmititzen duena”. Nazio markaz aritzen garen bakoi-tzean, afera konplexua den arren, bi ideia nagusi hartzen ditugu aho-mingainean; bata, gure zilborrari begirakoa, “nor garen” zehaztu beharrari dagokiona eta, bestea, hartzaileari begirakoa, nola adierazi galderari erantzungo liokeena. Eta aspektu biek ala biek pisu bertsua izanda ere, eztabaidan aurrera egiten dugunean, “besteari” adierazi beharreko horren nolakoan trabatzen gara areago. Arazoak, ordea, barrurago du ernamuina. Ontsuko albisteak begi biekin irakurtzea besterik ez dugu. Berriatuan, gizon batek gazte talde bati tiro egin diela izan da aurreko asteko albisteetako bat. Dirudienez, Bilbo aldetik ateratako mutil koadrila Berriatuara joan da, baserritarrak bere baserri inguruan zuen marihuana sailean sartu asmotan. Gizonak, goizaldean etxe inguruan zarata entzunda, eskopeta hartu eta oihuka eta tiroka uxatu nahi izan ditu hara gerturatutakoak. Bizkaiko egunkari batek, ordea, gazteak “a la Bizkaia interior” joan zirela jarri du eta gizonak “que les gritó en euskera y empezó a disparar”. Euskaraz eginda nahikoa ez balitz bezala. Hau da, baserritarrak euskaraz oihukatutakoak ezertarako balio ez balu bezala, ez bederen, gazteek ingurutik alde egin behar zutela ulertzeko. Zein herritan bizi gara? Herritan ala herrietan litzateke, beharbada, egin beharreko galdera?? Erantzun posible askotarako ematen du galderak. Batek esan lezake, delako egunkariko kazetariak ez duela geografia ezagutza nahikorik. Beste batek, gazteen abokatuaren lana egiten saiatu zela. Zurikeriak. Kontua da, arestiko “zer garen” galderari erantzuteko itsasoa gurutzatu beharra daukagula oraindik. Eta Bilbotik Berriatuara, ez dago ordu beteko kotxe biderik. Kontua da, arestiko “nor garen” galderari erantzuteko, markaren oinarrizko aspektuetako bat euskara izanik, herri honetan, oraindik, ez dela identitate seinaletzat ere hartzen. Nazio markaren beharra ez da oraingoa. Baina ba da iraungi-tzen ari zaigun etorkizun hurbilekoa.