BERRIA egunkaria Euskaraldiaren inguruan egiten ari den iritzi segidan behin baino gehiagotan azpimarratu dute “genero arrakala” deitu dutena, alegia, askoz emakume gehiagok hartu dutela parte gizonek baino, 1.600 gizon eta 3.300 emakume.

Urtetan hitzaldi, ekitaldi kultural eta abarretan susma zitekeena konfirmatzen du datuak, gizonok beste nonbait gaudela gizartea sortzen laguntzen duten ekitaldi kulturalei dagokienez. Edozein hi-tzaldi motetan sartu eta emakumeak nagusi izaten dira; berdin irakurle klubetan, ikastaroetan, zineman, erretiratuendako unibertsitatean...

Horrelakoetan beti galdetzen diot nire buruari non dauden gizonak une horretan hizlaria oholtzatik mintzo den bitartean? Fantasiak gizon horien bizitza fantastikoak asmatzera eramaten nau; txarrenera gimnasioan izango dira, eta hoberenera amoranteekin, basaki larrua jotzen. Baina berehala erabakitzen dut, ezetz, gehienez ere ardoren bat hartzen arituko direla, edo etxean izanen direla, asperturik, munduaren martxari ezin egokiturik telebista ikusten. Lantuan, asko.

Emakumeen kultur ekitaldietako nagusitasun horri zeharka begiratu izan zaio, eta “señoratasuna” izena eman, ia mesprezuz. Señoratasuna da ustez ez zegokion espazioaz jabe egitea lagunekin, kargu hartze begiradei itzuri eginez; señoratasunak fular handiak eramaten ditu, arropa nasaiak, eta ilea tindatzekotan, gehienez ere gorriz tindatzen du; makillaje gutxi; poltsa handia; tabernetan taberna berea balitz bezala portatzen da, kafesnea prestatzearen milaka ñabardurez jakitun, ñabardura horietako zein gura dituen kamareroari ongi azpimarratuz; señoratasunak aspaldi utzi zuen lotsa, gizonoi arrak bezala jaten gaituen lotsa hori, atzean, atzean, oskol ezdeusa balitz bezala. Señoratasunak irakurri egiten du. Begi kritikoz so egiten dio munduari. Hiriko bertsioa dago, baina baita ere herrikoa eta ez pentsatu bat bestea baino txarragoa denik. Señoratasuna, azken finean, munduan egoteko modua da. Erretira-tzen naizenean nik señoratasuna dut amets eta helburu. Badakit nire esperantza bakarra dela zahartzaroak izan dezakeen zoriontasun apurra bizi nahi badut.