Zirrikituetatik begira

Aitatasun baimena

08.02.2020 | 22:40
Columnista ana urkiza

BADIRA emakumeak, Espainiako gobernuak hartu duen azken erabakia jeloskeriaz hartu dutenak, aitatasun baimena zortzi astera luza-tzeari buruzko albistea, alegia. "Orain ere gizonei aitortza?"

Bide batez esanda, ikuspegi oso matxista.

Duela urte batzuk, ez hainbeste, lan eremuan entzuten zena etorri zait burura: emakumezko gazteak kontratatzea enpresarentzako izugarrizko katramila zela: "amatasuna hartzen dizute eta izorra hadi!". Orain, langile gizonezkoek ere aitatasuna hartuko dute. Enpresariek beste neurri batzuk hartu beharko dituzte. Edo, gutxienez, ez dituzte emakumezkoengatik egiten zituzten iruzkin berberak egingo?!

Umearen hasierako hilabeteetako bizitzari dagokionean ere, askotan entzun izan dugu "umea amarena da" ideia; "gero hasiko da umea aitarekin jolasten?". Bada, aitatasunaz disfrutatzeko aukera izateak, pentsaera hauei ere aurre egin eta amatasun-aitatasuna beste era batera bizitzea ekarriko du.

Eta ez, amatasun-aitatasun egunak ez dira oporrak. Munduratu berri duten umea zaintzeko eta maita-tzen ikasteko egiten den parentesi bat baizik (parentesia, lanean, noski). Aitatasun baimenak, parentesi horretan, etxeko lanak erdi banatzen ikasteko balio behar du eta umearen zaintzan ere %100ean inplikatzeko.

Aitatasun baimenak berdintasunari bete-betean eragiten dio eta demografiaren hazkundean aldaketak sustatzeko neurri petoa da. Gazteek umeak munduratuko badituzte, bai etxean eta bai lanean ere, bi eremuak bateratzeko erraztasun handiagoak beharko dituzte. Eta lanean gizonezkoek eta emakumezkoek baimen berak izatea lehenbiziko urratsa da. Gainera, emakumeak bere burua babestua eta lagundua ikustea dakar: bai arduran eta bai egin beharrekoetan ere erdi bana joatea, alegia.

Aitzitik, umearen zaintza lehenbiziko egunetik lehen pertsonan bizi izan duten gizonezkoek, etxeko lanen eta hauek suposatzen duten zamaren gainean bestelako ikuspegia dute. Aitatasun baimena ez da gizonezkoei egiten zaien gain-aitortza, berdintasunerako urrats ezinbestekoa baizik.