Alavesen aurkako partidua bana amaitu ostean atara neban lehen ondorioa izan zan aurten uztailean hasiko nintzala Athleticen partiduak emoten, Gaizka Garitanoren taldeak Europa Leagueko aurrekanporaketak jokatuko zituala ziurtzat emoten nebalako seigarren postua urrun geratuko zalako ligea amaitzeko hiru jardunaldiren faltan. Izan be, Valentziak etxean jokatzen eban Eibarren aurka eta Marcelinoren taldearen bolada ona ikusita ez neban usten Jose Luis Mendilibarren taldea Mestallan garaipena eskuratzeko gauza izango zanik. Azkenean, ostera, Valentziak ezeze, Sevillak eta Getafek be galdu egin dabe. Kontuak kontu, aurreko jardunaldian baino hurrago ditu Athleticek Europa Leagueko postuak, lehiaketea amaitzeko jardunaldi bat gitxiago geratzen bada be. Gaizka Garitanoren taldeak bere eskuetan dauka datorren denboraldian Europan jokatzeko txartela eskuratzea.

Valentzia, Sevilla eta Getafe, Athleticek bere aurretik dituen hiru taldeen porrotak kontutan izanda, garbi dago zuri-gorriek aukera ederra galdu ebela urrats garrantzitsua emoteko Europarako sailkatzeko lasterketan. Izan be, Alavesen aurkako partiduan hiru puntuak eskuratu izan ezkero, Garitanoren taldeak bardindu egingo eban Valentziagaz seigarren postuan eta Txapeldunen Ligea jokatzeko txartela emoten dauen laugarren postua hiru puntura geratuko zan. Jakina, hau guztia partiduak jokatu ostean dinogun kontua da.

Banako bardinketak ondo erakusten dau Athletic eta Alavesen arteko partiduan gertatutakoa. Derbietan gertatzen dan lez, borroka handiko norgehiagoka izan zan eta aurkari biek ez eben arrisku handirik sortu bestearen atean. Ganera, entrenatzaile biek bidezkotzat emon eben bardinketea.

Norgehiagoka jokatu aurretik, emoten eban Alaves ez etorrela bete-betean azken sei jardunaldietan puntu bi bakarrik lortu ostean. Ganera, Abelardo eta direktibearen arteko negoziazinoetan izandako porrota hedabideetara zabaldu izanak gaiztotu egin eban giroa Gasteizko taldean. Zelaian baina, Abelardoren gizonek denboraldian zehar erakutsitako sendotasuna berreskuratu eben. Athleticek ezin izan eban aurkariaren hesia gainditu eta Garitanoren gizonek, lan handia egin arren, ez eben ia jaurti be egin Pachecoren atera. Beñat Etxebarriak maisutasunez jaurtitako falteak bere taldea aurreratu ebanean markagailuan, emoten eban Athleticek urrats garrantzitsua emon ebala garaipenerako bidean. Alavesek, baina, minutu gitxira erantzun eban eta ederto baliatu eban Iago Herrerinen hutsa partidua bardintzeko. Zuri-gorriak jo eta su ibili ziran bigarren zatian garaipenaren golaren bila baina ez eben helburua bete.

Gaizka Garitanok Markel Susaeta kendu eban lehen aldaketan Iñigo Cordoba zelairatzeko. San Mamesko zaleriak sekulako txalo zaparradea eskaini eutson eibartarrari, zelaian egon zan orduan oso fin ibili ez arren. Txalo zaparrada horrek zeozer esan gura dau. Zaleek ez dabe ondo ikusten kluba Susaetagaz egiten dabilena eta konponbide duin bat nahi dabela erakutsi gura izan dabe. Markel Susaetak tratu berezia merezi dau, ez da edonor eta.

Beste alde batetik, Gaizka Garitanoren erantzun batek harrituta itxi ninduan prentsa aretoan. Athleticen ardurea hartu ebanetik egindako lana zaleriak behar dan beste baloraten dauenentz itaunduta, “ez dakit” erantzun eban Derioko entrenatzaileak. Gaizka Garitanok ez leuke zalantzarik euki behar, azken bost hilabeteetan egin dauena ikaragarria da-eta. Agian, ordua da zaleriak argi eta garbi erakutsi daian benetan baloraten dauela Garitano egiten dabilena.