ULERTZEKOA izan daiteke, datorren igandean egingo diren hauteskundeei buruz pentsatzen hasita, norberak bere herri edo hiriari bereziki begiratzea besteen gainetik. Niri, adibidez, Gasteizen gertatuko dena axola zait batez ere, argitzeko hautesleek zeini emango dioten boto gehien EAJren eta EH Bilduren artean omen dagoen lehen posturako lehia horretan, edo nola geldituko den PP marotogabea. Denetarik gerta daiteke. Badakit unibertsoko emaitzak, Bilbokoak alegia, garrantzitsuenak direla, baina Bilbon, unibertsoan alegia, ez dago inolako intrigarik: EAJk irabaziko ditu hauteskundeak, galdera bakarra gehiengoaren tamaina da.

Txokokeria egotziko dio batek baino gehiagok nire ikuspegiari. Egia da. Kontu handiak erabakiko dira datorren igandean. Europakoa handiena, zalantzarik gabe, batez ere eskuin muturraren, edo eskuin muturren, emaitzen inguruan. Baina Espainiako Erresumari dagokiona ere ez da txikia: Ciudadanosek eskuinaren nagusia kendu ahal dio PPri, sozialistak apirilean lortutakoari eusteko gai diren ikusiko dugu, ezkerreko-edo alkateak aginte makilarik gabe geldi daitezke, Madril, Bartzelona... Katalunia, jakina, Katalunia, Senatuan eta Kongresuan presoak ikusi ditugu asteon, Espainiako Erresuman arraroena ere normal-normal bilakatzeko dagoen joera horrekin ikusi ere.

Baina uste dut garrantzitsuena, benetan, ez dela Gasteiz, ezta Bilbo ere (bitxia dirudien arren), ez Europa, (ez larritu, mesedez) ezta Kataluniakoa ere. Garrantzitsuena Nafarroa da. Espainia osoan borroka etengabean dauden bi eskuinei ez zaie gehiegi kostatu Nafarroako elite ustez nabarrista eta ustez foruzaleekin akordiotara iristea, era berean azken horiei ere ez zaie ezer kostatu foruen kontrakoekin zerrendak osatzea: batzuen eta besteen artean zeuden desberdintasun baterazin guztiak desagertu ziren bat-batean (Katalunian ez dago horrelako miraririk). Guztiok dakigu zergatik. Agintea nahi dute, bai; baina Espainiaren mito oinarrizkoenetako bat Nafarroan datza, Nafarroa Kataluniakoa baino funtsezkoagoa da. Igandean begi guztiak Nafarroaren gainean egongo dira. Asko dago jokoan.