bazkari lege interesgarria izan nuen atzo. 19 eta 28 urte bitarteko 8 gazte mahaiaren bueltan: lau mutil eta lau neska. Gaia, gaztearen botoaren balioa. Horietako bik lehen aldiz bozkatzen zuten. Zortzietatik inor ere ez da mitin batera joan. Kontzerturen edo elkarretaratzeren batera bai. Gazteak joaten diren lekura. Besteetara ez. Kanpainan ez dira integratuak sentitu. Politikariek ez dute beraietaz hitz egin. Bai beraien zenbait arazoz baina ez beraietaz, preseski. “Ez dute guk bezala hitz egiten”. Batek dio, aurreko hauteskundeetarako, bi alderdik, gutun pertsonalizatua bidali ziotela, lehenbizikoz botoa emango zuenez gero, botoaren balioaz hitz egiteko. Gustatu zitzaion detailea. Nahiz eta edukia eta forma ez zetozen berarekin bat. Batez ere, lengoaia. “Politikaria gazteongandik oso urruti dago”. Badakite etorkizuna direla baina badakite, baita, ez direla gehiengoa. Eta politikariak, batez ere, gehiengoari so bizi dira. Ez dira alferrak, ez apatridak, ez bigunak, ez ezaxolatiak. Politikariei buruz ere ez dira gaizki esaka aritu (bateren bat salbuetsita). Neskak zorrotzagoak izan dira alderdi batzuen diskurtsoekin mutilak baino. Lan baldintza duinak, etxebizitza eskuragarria, aldaketa klimatikoa, berdintasuna, jasangarritasuna, enpresa berriak sortzeko erraztasunak eta teknologia berrien aplikaziorako politikak dira beraien lehentasunak. Europa arra batera ikusten dute. Espainia ez zaie erakargarria iruditzen (Eurovisioa ikustea besterik ez dago, diote zornatsu). Baina Euskal Herriaz ere harroago sentitu nahiko lukete. Hemen bizi nahi dute, zalantzarik gabe, baina baldintzak egokitzen ez badira, zalantzarik gabe baita ere, kanpora joango dira. Maleta ohe azpian dute.

Badakite beraien botoa garrantzitsua dela. Badakite zeren alde bozkatu duten. Zer lehenetsi behar den. Gazteena da kritikoena, aurten lehengoz bozkatu dutenen arteko mutila. Zaharrenengan eta gazteenengan pentsatzen duten alderdiek asmatuko dute, ez hauteskundeetan, baizik eta etorkizunean izan nahi dugun gizartearen eraikuntzan.