IZENBURUAN biok diodan arren ez du esan nahi herenegun, ikuskizun ikusgarri bat emanez, bere buruari ondo merezitako omenaldia eman zion Gontzal Mendibilek eta nik zer ikusirik dugunik. Hark bai. Gutxienik bi zentzutan erabiltzen duelako biok hori, 45 urte luzez gogokoen izan duen eta duen jardueran aritu den artista arratiarrak. Bi zentzutan, elkar hizketa baten irakurri nionetik gu, ikus entzuleekin bat eginez (zuek eta ni) eta, bestetik, Bittor eta biok harreman amultsua izan zion Bittor Kapanaga euskaltzale eta filosofo otxandiarraren oroimenez argitu berri duen liburuaren izena ere horixe delako.

Zazpi musikari eta bi dantzarik babesturik, kontzertu bikaina Gontzalena, zeinean euskal nahiz zelta kutsuko folka, edota country ikutua edo Mediterraneo haizea duten kantaz osatua, Arriaga an-tzokira hurbildu zen adin orotako jende multzoaren gozamenerako. Kontzertu berezia benetan, polita eta xumea baina emozioz betea, bere betiko estiloa mantenduz eta beste garai batzuetan ezagutu genuenei oroimen txera kutuna eginez. Aipamen amultsua ELA gaixoa dutenei ere, bai euskal senaren eta gizarte arazoen aurrean betidanik konprometitu izan denaren eredu.

Bere estilo edo itxuragatik behin baino sarriago izan dut Mendibil-i bardo edo koblakari deitzeko tentazioa, akaso haren Zeanuri kuttuneko lagun mordo handi batekin, Urretxun sortu eta munduan zehar kantari jardun zuen Iparragirreren oroimenez, Zeanuri horretan, Gorbeiaren magalean, asmatu, kudeatu eta protagonizatu zuen izen bereko opera herrikoia dudalako gogoan. Lan izugarria eta behin bakarrerako izango zela jakinak eskuzabaltasun berezia adierazten duena.

Lekutan, frankismoaren azken azken garaietan Xeberrirekin batera Zaurietatik dario argitaratu zuenetik edo geroxeago, bakarka, Argitze garaian, Egusentiari agur edo Hasperen itun. Harrezkero kantatuz gainera artista anitza denez gero, telebistan ere hainbat agerraldiz gain produktore gisa ere aritu zan. Denagatik eta Arriagan hain modu gozoan gogoratzeagatik, Bejondeizula Gontzal! Zorionak!