Galdu

29.10.2020 | 08:15

Albistegien zurrunbilo ozena dut belarrietan. Mila gauza gertatzen dira batera, eta asko transzendentzia handikoak dira. Gazte eta berde nintzelarik Txilen egon nintzen urte eta erdiz bizitzen. Hango jendearekiko tratua espeziala eta goxoa izan zen oso. Horrexegatik herri hartako kulturari eta garapen soziopolitikoari arduraz begiratu diet beti. Kezka handiz bizi izan nituen joan den urteko sarraskiak, borrokak eta manifestazioak. Handik heltzen ziren irudiak bortitzak ziren bertako pakoek (polizia) erabilitako indar-gehiegikeria muturrekoa zen eta. Arrazoirik gabeko atxiloketak, antzinako desagerpen berrantolatuak, hilketak eta horren kontra zutik zegoen herri indartsu eta ameslari bat. Bada, handik hona Txileko herriak urrats handi bat eman du eta joan den igandean burutu zen plebiszituan Augusto Pinocheten diktaduraren eskutik gaurko egunetarako heldu den konstituzioa baztertu eta eredu berri baten alde agertu da populua. Hortaz, konstituzio berria idatziko dute, garai ilunak argi-tzeko eta etorkizunari begiak zabalik begiratu ahal izateko. Hortaz, el pueblo unido Eta Espainian noiz egingo dute hori? Herrialde batzuetan hodeiertzak zabaltzen diren bitartean, gure herrian, ilundu eta estutu egiten dira. Covid-19aren aurkako neurriak espero genituen, bai, baina Eusko Jaurlaritzak muturrekoak onartu ditu Euskadin. Bilbon preso egongo gara berriz bilbotarrok. Harat-honat, erreka bazterreko paseoan denak pilaturik ibiliko gara berriz, mugimendu pixka bat egin nahirik. Edota Pagasarri mendia mukuru izango da igandean eguraldi onarekin. Lanerako bada bai, mugitu ahal izango gara, baina gero etxera arineketan, bururatu ere ez mendira buelta bat ematera joatea. Hots, jarduera ekonomikoa topera mantendu behar dugu, horretarako baimenak onartuko dira, baina marra gorria mugatzen duen udalerritik ezin atera, ezertarako ere, kontrol zorrotzak izango dira eta. Kutsatze handia dagoenez gero, datu eta kopuru horiek murriztu beharko ditugu guztion artean; ea hamabost egunekin nahikoa ote den. Aurrekoan udaberria galdu genuen, eta ezin dugu udagoiena ere galdu.