A zer sarraskia, igandekoa. Jeronimoren chiricauak Estatu Batuetako zalduneriaren kontra. Lantzari poloniarrak metalezko panzerren erasoan. Alde guztietatik eman digute. Aurre eta atze. Goi eta behe. Halako etsaiekin neurtu eta onik ateratzeko, ongi olioztatua izan behar duzu tresneria. Olioa ez ezik, makina bera ere falta izan zaigu hemen. Politikarako ikaskizun: Gobernu batek sostengua behar du kanpotik, eta hori ongi funtzionatuko duen antolakunde batek baizik ezin dio eman. Kukuak ongi jo zigun duela lau urte. Orduko baldintza errepikaezinak ez dira errepikatu orain. Gauza aunitz egin dira denbora honetan, nahiz eta gerogu beti ez jabetu. Zenbaitetan, kontrakoak baizik ez ote diren ohartu. Batean nahiz bertzean, ongi kontatu ez diren seinale. Politikan, zer egina bezain inportantea da hura nork nola saldua. Orain, katakunbetatik egin beharko diogu aurre etorkizunari. Ez da harritzekoa batzuengan nagusitu den ezongia eta ez-nahia. Lau urtez hirigunean bizi izan ondotik, gogorra da bazter auzoetara itzultzea. Ohitu egin beharko dugu berriz. Igande gauaz geroztik, “banoaiek eskapo Gipuzkoara (Kataluniara, Australiara?)”!, behin eta berriz nire inguruan. Ez da ihesa zulotik berriz ere aterako gaituena. Beheraldia gainditzeko terapiarik behar izatera, izan dadila okupazionala. Kultur sorkuntzan, politikan eta mugimendu sozialetan inoiz baino zeregin handiagoa izanen da hemendik goiti. Kudeatzaileak beharko dira, gidariak (ez gudariak). Bizirik atxikiko gaituzten proiektuei abia edo, bertzerik gabe, laguntza emanen dien jendea. Hainber-tzeko erantzukizuna hartu nahi ez duenak ere badu non bere burua enplegatu, irakurle, ikusle, entzule edo erosle, gure kulturaren sorkariak berenganatzen.