ortzigarren solairu bat, largabista batzuk eta munduko denbora guztia. Gure lagunak ez du gehiagorik behar. Izaki mikroskopiko batek guztia pitoz goiti ezarri duenetik, haren etxepean hamarrenera beheititu da jende eta autoen joan-etorria. Orain, gure lagunak ibiltari bakoitzari eskaintzen ahal dio bere ikusmira. Bereziki, etxeratze arau zorrotzak urratzen dituztenei. Konparaziorako, bi gaztetxoren ezkutuko hitzorduaren lekuko gertatu zen atzo. Bakoitzak erosketarako poltsa zeraman besotik dilindan, baina horrek ez zuen gure laguna tronparazi. Hainbat egunetako grina atzeratuarekin musukatu zuten elkar, karrikaz bertzaldeko parke bakartian. Batak ber-tzea kutsatzeko beldurrik gabe segitzen zuten, gure lagunak deituta udaltzainek atzeman zituztelarik. Harro dago horregatik. Arauz kanpoko hiru paseatzaile, lasterkari arduragabe bat eta bi zakur-jabe aizun salatu ditu lehengo astetik hona. Arratsarekin baizik ez du uzten bere josteta. Gustatuko li-tzaioke ikusmen eskotopikoaz hornituriko largabistak izatea, gauaz bazterrak zelata-tzen jarraitu ahal izateko. Gaur ere zortziak aldera hustu du bere talaia. Larunbatetik dago etxetik atera gabe; zaborra metatu zaio sukaldean. Ezustez, bere zangoek halako arintasun bat sumatu dute espaloia zanpatu orduko. Birikek ere aiseago hartu dute arnas; nabari da CO2 tasak apaldu direla hirian. Lehen aldiz, udaberriaren haize epelak ferekatu dizkio masailak. Ibilaldiaren gozoa luzatu nahirik, ez doa dagozkion zaborron-tzietara, parkekoetara baizik. Haien ondoan, zigarroa erretzen ari da bera bezalako ibiltari bakarti bat. Gure lagunak supermerkatuko kutxazainarekin trukatu zuen azken hitza, duela lau egun. Bera hasi da solasean. Luze gabe, pandemiaz ari dira biak, beldurra eta esperantza nahasirik. Udaltzaingoak horrela harrapatu ditu minutu batzuk geroago. Auzo batek abisatu die. Ikusmen eskotopikoaz hornituriko largabistaren jabe, nonbait.