avier Pagolak ez zuen boza harrotu beharrik solaskidea bere arrazoietara biltzeko. Bistan dena, nekez harrotzen du deus, ezta bere burua ere, harrotasunaren berri ez duenak. Solasturia zen Pagola, irratiko esatari gehienen marka; ezaugarri berezi batekin: entzuten zekien aldi berean. Horregatik ere huts egiten zien bere adineko kazetariaren estereotipoei. Lanean nahiz lanetik kanpo, lasaia zen Pagola, neurrikoa, espanturik gabea. Erdal mundutik heldu zen; hartan mugi-tzen zen erosoen. Euskaraz moldatzen zen, hala ere, eta euskaltzale jokatzen, bere belaunaldiko kazetari nafar gehienek ez bezala. Alde horretatik ere, aparteko, gure Pagola, bere euskaltzaletasun -ezinber-tzez- apalean. Berriemaile gisa, errealitatea kontatzen hasi zen. Noizbait erabaki zuen bere apurra egin behar zuela errealitate hori aldatzeko ere. Bertzelako mundu baten aldeko eginahaletan utzi du Pagolak arrastorik sakonena, Hirugarren Munduarekiko lankidetzan, batez ere, Medicus Mundi GKEaren bidez. Afrika zuen, bereziki, gogoan; gure artean kontinente horretako neke eta ametsen berri ematen ahalegindu da bereziki. Horrez gain, ekintza hausnarketarekin uztarturik, Gogoa foroko partaide nabarmenetariko bat bilakatu zen. Iruñean inoiz adituko ez genituen hizlariak eta iritziak eskura jarri dizkigu Pagolaren eta haren forokideen lanak. Militantea izan da Pagola, baina ez militante iraultzailea. Fede kristauak eragindako suhartasun patxadatsutik abiatua zen haren hautua. Horretan ere bakan, ezkerreko kristautasunaren desagerpena ikusten ari den XXI. mende honetan. Asteburuan joan zaigu gizon on hau. Seguru aski, Fratelli tutti en-tziklikaren berri izan gabe. Hausleak omen dira, Frantzisko aita santuak krisi klimatikoaz, errefuxiatuez eta neoliberalismoaz hartan erraten dituenak. Gustatuko zitzaidakeen Pagolaren iritzia jakitea.