Mugatik

Bertsolariak idazle

12.01.2021 | 00:50

Bere 30 urteko ibilaldian aldaketa franko bizi izan du Iruñeko Udalak egile berriendako antolatzen duen euskarazko literatur lehiaketak. Guti oroituko dira hasierako ekitaldietan lau sail zituela: nobela laburra, komikia, poesia eta bertso papera. Lehen urte oparoen ondoko beheraldiak desagerrarazi zuen komikia. Partaidetza handitu nahirik,berriz, ipuina eskatzen hasi zitzaien idazle berriei, nobela gehiegizkoa zelakoan. 2020az geroztik, bertso paperek sariketa bereizia dute, Literatur Lehiaketatik kanpo, zeinean bi genero baizik ez baitira gelditu: ipuina eta poesia. Inork gutxik egin du aurka. Nago bertsolaritza eta literatura galaxia desberdinetako jardunak direla argi eta garbi uzteko gogoa aspaldi partekatzen zutela idazle nahiz bertsolariek. Azken hauen artean zer gerta-tzen den ez dakit. Bertze aldean, berriz, irudipena dut bertsolaritzarenganako estimua ez dagoela bereziki zabaldua euskal literaturgile aunitzen artean. Ni neroni, gaztetan bertsozale izana, hoztu nintzen noizbait, arrotz sentitzeraino Amurizak "hitzaren kirol nazionala" deituriko horren ospakizunetan. Aunitzetan pentsatu izan dut bertsolaritzaren arrakasta nola edo hala lotura duela gure literatura idatziari euskaldunek berek egiten dioten harrera eskasarekin. Bekaitza? Agian, bai. Ikuspegi soziolinguistikotik, onartu beharra dago, hala ere, literaturak ez duen bertutea duela bertsolaritzak gazte jendea (euskal) hitzaren lilurara ekar-tzeko tenorean. Txinparta hori haien barnean pizten duen sua noraino ailega daitekeen ikusi dugu aurten, lerro hauei hizpide eman dien literatur lehiaketan. Lehengo ortziralean, jada 2021ean, banatu ziren iazko ekitaldiari zegozkion sariak. Eta hara, bertsolariak izan dira zazpi saridunetatik lau.Estimatua dago. Saioetara joaten diren bertsozale guztiak literaturzale bilakatzen diren egunean guztiz kitaturik egonen da zorra.