029an gaude. Nafarroako lehendakaria Irati Arraiza da, euskal alderdi nazionalistakoa. Nafar alderdi erregionalista dugu oposizioko indar nagusia, foru gobernuan hainbertze urtez izan ondoan. Alabaina, dena aldatzeko bidean egon daiteke, Leyre Olcoz politikari erregionalista tratuan ari baita nazionalistekin, bere alderdian eta Madrilen guztiak ados ez badaude ere. Kinka horretan, Euskal Herriaren Armada Sozialista (EHAS) agertu da, talde armatu txiki eta ilun bat, ETA aspaldi itzaliaren lekukoa hartu duena. Olcoz bahitzea izanen da haren lehen ekintza handia. Halako abiapuntua du Aireportuko musikak, Luis Garde idazle iruindarraren azken nobelak. Ez da fikzio anglo-saxoiaren moldeko thriller soziopolitiko ohiko bat. Izatez, lehen orri-pasan aditzera ematen zaio irakurleari bahiketaren emaitza. Gertaera horren inguru-minguruak eta aitzin-gibelak azaleratzeari emanak daude gainerakoak. Garde poetak narrazio teknikak nola menperatzen dituen erakutsi zigun Ehiztariaren isilaldia bere lehen nobelan. Are gorago egin du orain, bai iradokitzeko ahalmenean bai lehengai desberdinez kontakizun konplexu bat eraiki-tzeko trebezian. 2020an euskaraz argitaratutako trepeta literario sendoenetariko bat da Aireportuko musika. Hala ere, ez da zalaparta handirik sortzen ari. Eleberri hau ez da akatsik gabea. Testuak zuzentzaile baten falta asaldagarria du, bertzeak bertze. Hori ezin izan, dena dela, isiltasun honen arrazoi bakarra. Gardek nekez egiten du bat euskal literaturan nagusitzen ari zaigun kanonarekin. Nafarra da, gizonezkoa, eta ez du ez ahanztura praktikatzen ez alde bakarrera begiratzen gure iragan hurbila odolez zipriztindu duten gertakariei dagokienez. Haren liburuek gure ohiko estereotipoak gainditzen dituzte. Deserosoak dira, alde aunitzetatik begiratuta. Eta hemen, kanpoan bezala, nekez egiten da bide luzerik liburu deserosoak idatziz.