exaka ibili da jende asko txertoen patenteak direla eta: dugun pandemia edukita, patente horiek lehenbailehen kendu beharra dagoela, premiazkoa dela mundu osoa txertatzea, herri pobreetan gertatzen ari dena bidegabekeria dela eta, azken buruan, herri aberatsei ere komeni zaiela mundu osoan pandemia kontrolatua egotea, zer gerta ere. Aurreko zerrenda ezker muturreko argudiotzat hartu ohi dute neoliberalek, baita sozialista espainiarrek ere, gaia Europako Parlamentuan eztabaidatu dutenean, haien ustez patenteak ken-tzeak industriaren gainbehera erabatekoa ekarriko lukeelako. Baina Estatu Batuetako presidentea patenteak ken-tzearen alde agertu eta, hara miraria, ugazabaren ahotsari jarraiki agertu zaizkigu Espainiako gobernua, Europako Batasuna eta enparauak. Badirudi Estatu Batuak oraindik badirela nor. Nolanahi ere, patenteak kentzea ez dela berehala egingo diote askok, bi urtez edo luzatuko direla negoziazioak, zailtasunak daudela hor, han eta hemen. Herrialde batzuk patenteak kentzearen aurka azaldu dira, tartean Kolonbia, neoliberalismoaren gotorleku krudela, oraintxe ikusten ari garen bezala.

Patenteak kentzearen aldeko borroka luzea izango da, baina behintzat patenteen inguruan zegoen tabu ideologikoa desagertu da. Harrigarriena da ikustea nori esker desagertu den tabua: Joe Biden, bai, gizon zahar hori.

"Zero covid" estrategia ere beste tabu bat da. Hemen "birusarekin bizi" estrategia lehenetsi da, ekonomia eta osasuna uztartu nahian baina benetan ekonomia batzuen bizitzen gainetik ipiniz, eta, ondorioz, birusarekin bizi, birusarekin ikasi, birusarekin lan eta birusarekin garraiobide publikoan bidaiatu egin dugu. Ez da harritzekoa batzuk birusarekin mozkortu gaineratzea.

Eta hirugarren eta, gaurkoz, azken tabua: epaileak. Ez naiz gehiegi ausar-tzen. Nork daki zer gerta dakiokeen epaileez idazten duen bati. Kontuz. Esango dut bakarrik egunkari batean EAEko epaile ospetsu horri, badakizue nori, "epaile estrabagante" deitzen diotela. Ez dakit Joe Bidenek tabu honekin bukatzeko ahalmenik izango duen.