alestina desagertzen ari da. Palestina lur gainetik desagertzen ari dela aski ezaguna da: nahikoa da mapa batean ikustea zenbat lur eremu betetzen duten kolonia israeldarrek Zisjordanian, etengabe ugaltzen ari direnak, eta kolonia horiek lotzen dituen errepide sareak, alde batetik, eta bestetik, lurralde palestinarrek osatzen duten uharte multzo hori, harresiz inguraturik, inolako loturarik gabe haien artean. Baina errealitatetik, mundutik desagertzearekin batera Palestina hitza ere desagertzen ari da. Israelek hiztegigin-tzan ere irabazi du, sionismorako ez baitago palestinarrik, arabiarrak baizik, eta beduino exotikoak. Eta arabiarrak edozein tokitan, edozein toki arabiarretan (Sirian, Jordanian...) bizi ahal dira. Zergatik tematzen dira gurean bizi-tzen?

Ikusten ditudan hedabideetan, baita gure hedabideetan ere, Palestina hitza gero eta gutxiago erabiltzen da: oraingo gatazka Gazaren eta Israelen artekoa da, parte hartzaileak Hamas (talde terrorista) eta Israelgo Estatuaren Armada dira, Zisjordania gutxitan ateratzen da eta oraingo hau nola hasi zen (Israelek zenbait familia arabiar/palestinar bota nahi ditu Jerusalemdik) ez da aipatzen, edo behin, aspaldian, aipatzearekin konformatu dira. Mezua poliki-poliki zabaltzen ari da: Gazakoak terroristak dira edo terroristen babesleak edo erradikalak, neurri batean, jasotzen dutena merezi-edo dute, eta Israelek bere burua babestu behar du. Badirudi Israelek bere kolonoak atera zituen Gazatik, hobeto bonbardatzeko. Zisjordanian estrategia desberdina da: biztanleak zokoratu, lurrak desjabetu eta okupatu, kolono gehiago bidali, soldadu gehiago bidali, harresi gehiago eraiki, palestinarren bizimodua oztopatu; Gazan bertan behera laga zuen lur egarria Zisjordanian asetzen du Israelek.

Bi estatuen konponbidea, Israelgoa eta Palestinakoa, gero eta urrutiago dago, gaur egungo Palestinako Estatua ez delako, munduko herrialde askoren onarpena izan arren, Israelen okupazio eta baldintzekin, oso bideragarria. Izena bera ere galtzen ari da eta izenik gabe ez dago izanik.