Zirrikituetatik begira

Guggenheimak

16.06.2021 | 01:05

Bilboko Guggenheim Museoa ugaltzeko jaio zen. Ez da harritzekoa: badirudi Solomon R. Guggenheim filantropoak "hazi eta ugal zaitezte" agindu biblikoa gomendatu ziola bere fundazioari, Guggenheim museoak mundu osoan biderkatzen baitira biologia eskoletan erakusten zizkiguten zelula haien antzera: New York, Venezia, Bilbo, laster Abu Dhabi... Egia da, bestalde, ireki eta ixten diren Guggenheim museoen zerrenda ere ez dela txikia: Berlin, Las Vegas, New Yorkeko SoHo. Badira, era berean, bertan behera lagatako museo proiektuak: Helsinki, Guadalajara (Mexiko), Vilnius (Hermitage-rekin batera frankizia bikoitza ireki nahi zuten han). Baina Bilbokoa zailtasun guztien gainetik dago, Bilbokoa seme kutunena da, alaba otzanena, kimu meneko eta esanekoena. Bilbokoa ugalduko da, ugaltzeko jaio baitzen, Iban Zalduak "Si Sabino viviría" eleberrian iragarri bezala.

Bilboko Guggenheim Museoak Urdaibain, Gernikan eta Muruetan, ireki nahi du beste museo bat, zera, bi, barkatu, museo bakarra bi eraikinetan bidezidor (berde) batek lotuta. Poza unibertsala da. Lanpostuak ugalduko dira: beti behar da norbait museoak garbitu eta bisitariei kafea eskaintzeko, eta, jakina, zuzendari, erakusketa antolatzaile, "curator", kultur teknikari eta kudeatzaile izan nahi duen jende asko dago hortik (garbitzaile eta zerbitzari gehiago behar dira, baina). Gorroño Gernikako alkateak adierazi du "Gernika markak" prestigioa emango diola Guggenheim museoari (ai, Gernika, ankerra da gure mendea, zer hintzen eta non hago, sinbolo izatetik marka izatera!). Museo berria ekologikoa, teknologikoa eta artistikoa izango da, arte eta natura uztarturik geldituko dira bertan eta abar. Eta abar. Europako diruak erabili nahi dituzte.

Agintarien adierazpenak entzun ditut. Egia handiena Bilboko alkatearen hitz xalo baina jakintsuetan aurkitu dut: Aburto jaunaren ustez, museo berriaren helburu nagusia da turistak Bilbon gau gehiago ematea. Ustekabe gutxi. Azkenean arteak (edo) horretarako balio du orain batez ere. Donostian ere turistek, Cristina Iglesiasena ikustera joateko, ordu gehiago eman behar dituzte hirian; ez dago gaizki pentsatuta.

Más información

noticias de noticiasdenavarra