Zirrikituetatik begira

Uda on

28.06.2021 | 10:06

Gaiz samar oroitzen naiz duela zenbait urte ETB1en egin genuen Kalaka eztabaida saioaz. Joseba Arregiren purrustadez, argudioak garatzeko besteei baino denbora gutxiago uzten omen niola eta; Xabier Artzalluz haserretu zitzaidanekoaz, nik beste gai batera jo behar, hark azalpenak amaitzen ez, eta solasa moztu behar izan bainion; Markos Zapiain filosofo kontenplarariaren patxada eta tempoaz, egungo komunikabideetan hain ezohiko bihurtu diren eten eta isiluneak egiten. Orain esatariek hitzeko kobra- tzen dutela ematen du batzuetan, horregatik aritzen direla norrarinagoka itogarrian. Albistegiak adibide: gaurgoizeanatxilotuduteustezgurasoaktirozhildituengizonajonandonilezertua esaten digute, arnasaldi bakarrean, tonu aldaketarik eta etenik gabe, eta zalantzan geratzen gara Jon Andoni Lezertua nor ote den, albistea garatu behar duen kazetaria ala ustezko hiltzailea. Horrelako gaindosien ondoren, musikarik ederrenak beste baketzen nau soseguz hitz egiteko gaitasuna duen norbaiten mintzo lasaigarriak; Bernardo Atxagaren berbek, Pepe Mujikaren hausnarketek... Musikan ere notak bezain garrantzitsuak dira, izan ere, isiluneak. Hori galtzen ari gara. Whatsapp aplikazio arrakastatsuak gero eta baliabide gehiago jartzen dizkigu eskura. Duela aste batzuk eskaini diguna erabilgarria bezain tristea da: ahozko mezuak x1,5 edo x2ko abiaduran entzuteko aukera ematen du. Ahotsa askorik distortsionatu gabe, mezuakabiadurabizian erreproduzitzeko gai da. Utikan etenak, pikutara isiluneak! Gero eta ezinbestekoago bihurtzen ari da deskonexioa, ur baretara heltzeko korronte bortitzei aurre egin beharko badiegu ere. Udak balio biezagu etenak eta isiluneak egiteko. Plazer baduzu, irakurle, udako etenaren ondoren izango dugu berriz elkarren berri. Uda on.

Más información

noticias de noticiasdenavarra