labak esan dit lasai egoteko, ez naizela zaharra, oraindik ez. “Heldua izateko graduatuko direnen artean” nagoela esan dit. Begiak zabal-zabalik geratu naiz hari begira, ezer esan gabe. Orduan gaineratu du: “Ez zara zaharra, itxaron-zerrendan zaude”. Bat-batean, taberna ba- tzuetan egoten ziren makina haiek gogoratu ditut: txanponak zeuden mugitzen zen plataforma baten gainean, eta txanpon gehiago bota behar zen, elkarri bultza eginez, azkenean jausi zitezen. Oraindik amildegiaren ertzera iritsi gabe ikusi dut neure burua, baina gero eta hurbilago. Txanpon haietako bat bezala.

Larritasuna pasatu zaidanean, barre egin dut nire alabak zaharra hitza ekiditeko mahukatik atera duen “heldua izateko graduatuko direnen artean” horrekin. Eta pentsatu dut eufemismoz inguraturik bizi garela, etengabe ari garela errealitatea ezti- tzen edo leuntzen saiatzen. Hiltzea esan beharrean, bizitza galtzea leungarria erabiltzen dugu. Errealitatearekin batera, gure akatsak eta gabeziak leuntzen saiatzen gara, eta, halaber, asko gustatzen zaigu gure egoari distira ematen dioten tituluak eta izenak erabiltzea. Curriculum batzuk irakurri besterik ez dago ikusteko nola gustatzen zaigun garena edo izan nahi duguna goraipatzea. Hala, curriculum batzuetan sei orduko ikastaro batek ia doktoretza baten antza hartu dezake eta zenbait lanpostu project manager edo business developer bezalako anglizismoekin puzten dira egunero.

Ez naiz fidatzen beren curriculuma gehiegi apaintzen duten edo euren karguaren izena handitzen duten pertsonez. Txiste hartako pertsonaia gogorarazten didate: lanbideaz galdetzen ziotenean “abokatu-bulego baten paperak eramaten ditut” erantzuten zuen, bere lana aipatutako bulegoaren publizitatea postontzietan banatzea zenean.

Baina, dirudienez, autoestimua puzten diguten tituluak behar ditugu, eta nik, momentuz, lortu dut berri bat. Orain badakit ez naizela zaharra, “heldua izateko graduatuko direnen artean” nagoela, eta, zer nahi duzue esatea, askoz ere min gutxiago sentitzen dut orain.