Zirrikituetatik begira

Azken alerta

11.08.2021 | 00:46
Azken alerta

Horrela hasten da egunkariak dakarren artikulua: "IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen azken txostenak alerta maila gorena piztu zuen atzo". Txostenak dioena beldurgarria da. Baina ez al ziren beldurgarriak orain dela bi, lau, bost urte atera zituzten txostenak? Ez al dira beldurgarriak izango hemendik bi, lau, bost urtera aterako dituztenak? Badirudi klima larrialdiak, klima aldaketak (deitu nahi duzuen bezala) besteak direla beti, suteak beste edonon gertatzen direla, uholdeak hor nonbait, beroak eta hotzak urrun, metano isurketak han. Gero, uholdeak, suteak eta tenperatura ezohikoak gurean ere pairatzen ditugunean, deitore eta aieneak hasten dira. Bitartean... Tira, bitartean aireportuak handiago egiten dira, handiago abeltegiak, zabalago autobideak, hiriko plazak basamortuago.

Askok uste dute apokalipsia egun batetik bestera iritsiko dela, egunen batean itsasoak Zarauzko malekoia irentsiko duela eta kito. Baina jakin beharko genuke (gaztigaturik gaude aspaldidanik) klimarena apokalipsi geldo, motel eta atzera-bueltarik gabekoa izango dela, izaten ari dela. Aseguruak gero eta garestiagoak ordainduko dituzte Zarauzko malekoian negozioak edo etxeak dituztenek.

Argudio moduan ondorengoei zer utziko diogun erabiltzen dute askok. Beti iruditu zait oso argudio ahula: klima aldaketa dela eta, gaur ikusten ez dena bihar ikusiko dela pentsatzea bai da baikortasunaren maila gorena. Beharbada gazteentzat, gazte batzuentzat, errazagoa izango da gaurkoari zein biharkoari erreparatzea.

Eta, jakina, negazionistak daude hortik, nola ez. Negazionismoa, metodo zientifikoari esker apurka-apurka ateratzen diren ondorioak, beti behin-behinekoak, beti beste frogen zain, ukatzen dituen ideologia, mundu honetan egoteko modu ilun, ilunzale eta arriskutsua, zabaltzen ari da klima aldaketaz hitz egiten denean, beste hainbat aferaz hitz egiten den bezala. Negazionismoa izango da agian gure mende hau egiten ari den ekarpenik handiena. Tristea benetan, baina nork esan du apokalipsia alaia izango zenik?

noticias de noticiasdenavarra