buztua azkena ematen ari da. Laster itzuliko dira uda giroan atseden merezia hartu duten irakasle, ikasle, iritzi emaile, politikari eta gainerakoak. Berehala etorriko gara egunerokora, nahiz eta ez dauden egun berdin bi. Ohiko gaiek eta arazoek itxura berria -edo zaharra- hartuko dute aurtengoan ere.

Atseden denbora ofizial honetan ez da gogoeta-gairik falta. Zaharrak berri eran- tzuten dugu aspaldiko lagunen batek galdetzean nola gauden. Abuztuan ere zaharrak berri.

Migrazioaren erronka eguneratu eta gordindu baino ez da egin Afganistaneko azken gertakizun negargarriekin. Hogei urtetan egindakoak eta egin gabe utzitakoak ondo astindu dira egunkari zein irrati telebistetan. Guztiaren hondoan gisa-arazo larria dago baina, demokrazia-arazorik sakonenetakoa: herritarrek ez dute ez segurtasunik, ez oinarrizko askatasunik. Gure lurraldeetan bata bestearen osagarriak direla eztabaidatzen aritzen garen artean ezerezera etorrita dago herritar hauen izaera. Egoera honek guztiok ukitzen gaitu, denok baitaukagu esan-eginik drama horren aurrean, bakoitzak bere eran- tzukizunetik... Irudiak ikustean hunkitu egiten gara, bilurtu ere bai, hainbeste pertsonen zorigaiztoak. Migrazioarena, norbere etxetik atera beharra, ez da oraingoa. Urteetan dira Euskal Herrian Europako hainbat herrialdetatik, Hego Ameriketatik, Senegaletik edo Marokotik etorritakoak. Errealismotik abiatuta eraginkorrak izan beharra dugu, adierazpen trinko eta biribilak ahun- tzaren gauerdiko eztularekin batera itzaltzen dira-eta. Herrialde demokratikoetan barneratuak ditugun gisa-balioak, printzipioak, irizpideak eta mugak kontutan hartuta ere, denetik baitago gure sistema inperfektuan, badugu zerbait baino gehiago egiterik. Aspaldiko kontua da arrantza egiten ikasiaz batera arraina jan beharra. Horixe da kontua: emigranteak aintzak hartu, ateak ireki eta aldi berean emigrazioa eragindako kausak -politikoak, sozialak, ekonomikoak- gainditzeko jardun. Horixe da, besteak beste, globala glokal -edo gizatiar- bihurtzea.