Denborak zauriak ixten lagun dezake, baina sekula ez luke bidegabekerien aringarri edo estalgarri izan behar. Hilketak, torturak, bahiketak, estortsio-ekintzak, jazarpena edo mehatxuak burutu dituztenak identifikatzeko ahalegina beti da on demokraziarentzat eta bizikidetzarentzat. Delitugileak hilik edo delituak iraungita egonik ere, egiak behar du justiziaren eta erreparazioaren oinarri. Ez da beti bilatzen.

Bide-bazterreko areketan dauden gorpuzkiak bilatu eta identifikatzeak behar eta merezi duten bakea ematen die haren senideei eta ondorengoei, baita ezagu-tzeko zoririk izan ez zutenei ere. Denboraren lausotan lurruntzen uzteak ez du ezertan laguntzen.

Espainiako errege zaharra eguberrietarako Espainiara joan nahirik omen. Urtetik urtera gero eta lohitsuagoak dira haren tratu eta ibilerak. Monarkiaren defenda-tzailerik sutsuenak, gerraosteko diktaduraren miraz bizi direnak barne, zikin guztia alfonbrapean ezkutatzearen aldeko dira.

“Jada errege ez da” estakuru merkeak ez du deus onbideratzen, ez dira ohartzen delitu denak argitzea litzatekeela erakunde zaharkitu horren defentsa-biderik eraginkorrena. Hori sustatu ezean, errege gazteak koroarekin batera behin betiko oinordetzan hartuak izango ditu aitaren zikin eta zama guztiak.

Iñigo Cabacasen heriotzari buruzko barne ikerketa emaitzarik gabe itxi du Er-tzaintzak. Ezin omen da jakin nork jaurti zuen Iñigo hil zuen gomazko pilota, eta, gainera, polizia-ekintza hartan parte hartu zuten ertzainik gehienak erakundez kanpo omen daude dagoeneko.

Ertzaintzari ez dio batere onik egiten jardunbide horrek, eta erakundea balioesten dugunok izan behar genuke zorrotzenak. Iñigoren gurasoak haiekin enpatiarik eta gizatasunik izan ez dela esaten entzutea, berriz, guztiz erdiragarria da. Ekintza neurrigabe batek semerik gabe utzi zituen; egia, justizia eta erreparazioa zor zaie, enpatia eta gizatasuna. Besteak beste, Ertzaintzaren hobe beharrez.