dierazpen publikoak egitera ausartzen garenok geure usteak azalduz, ahaleginak egiten ditugu, zuzenak ala okerrrak, bietan ibiltzen baikara gehienok. Zutabe honetan ere halaxe da. Intentziorik onena ez da nahikoa esan nahiko genukeen hori argiro adierazteko. Artikulugilearen adimena eta egunkariak eskainitako espazioa dira mugak, batez ere lehena. Kosta egiten da norbere iritziak tentuz eta ordenaz azaldu eta, prententsiorik gabeko neurri tixikian bada ere, minutu batzutan ganorazko gogoetagarri edo entretenigarri lasai bat eskaintzea irakurleari.

Hala da nire kasuan, behintzat, eta esango nuke ez naizela bakarra.

Asteroko idazki labur hau sortzea ez da lan erraza idazletzarako dohai urria dugunontzako. Hasteko, gaia asmatu behar. Zertaz egingo dut, biharetzi ere interesak bizirik iraun dezan? Hitz edo kontzeptu ia hutsa den gaia pentsatuta denean zer eta zelan kontatu erabaki-tzea da hurrengo urratsa eta, zutabearen mugetan bada ere, zentzua izango duen zerbait asmatzea, azkenean proposamen edo ondorio moduko batez biribilduko dena.

Gero, egun bat edo biren buruan artikulua inprimituta ikustean, ez du batek jakiten inork /nork irakurriko duen. Haizeari ez zaio idazten; esplizitatu gabe agian, baina irakurlego-mota bat izaten du gogoan kalera begira idazten duenak, eta harekin elkarrizketa birtualean jartzen ditu bere iritziak. Horrexegatik eskertzen dira irakurleen iruzkinak, denak balekoak.

Gizartean darabilzkigun ezatabaida eta elkarrizketa gai gehienak konplexuak dira. Horrexegatik da garrantzikoa, nire ustez, ihes egitea izenburu erraz-lodiei eta erabateko esaldiei, erpin bat baino gehiago baitute gizarteratzen diren gertakari gehienek. Eta jakinda norbere iritiziek besteenak baino balio gehiagorik ez dutena, idazten den hori datuez frogagarria den informazioa bada halaxe erakutsi behar da. Hori ezean, guztiz zilegia da norbere esperientziaz jardutea, beti ere halaxe dela azalduz, orokorpen abusuzkoak informazioaren aurkariak baitira.