Zirrikituetatik begira

Emakume Abertzale Batza

08.03.2022 | 00:41
Emakume Abertzale Batza

Berdintasuna erakunde politiko demokratiko ororen eskuliburuetan onartua dagoen funtsezko balioa bada ere, argi gorri ba-tzuk piztuta mantentzen dituzten nabaritasun asko daude oraindik. XXI. mende zoro hau erraz jartzen ari ez den arren, emakumeen eta gizonen arteko erabateko berdintasuna, gizarte duinagoa, bidezkoagoa eta prestuagoa eraikitzeko atzera bueltarik ez duen oinarrizko printzipioa da. Hori bai, hesi batzuk gainditu behar dira ere, burdinazkoak zein kristalezkoak, bai arlo pertsonalean bai, bereziki, politikagintzan: eskubide sozialak eskuratzea bada kontua, konpromiso politikoa oso tresna indar-tsua da.

Aurten Emakume Abertzale Batza erakundearen jaiotzaren mendeurrena betetzen da. EAJ-alderdiaren baitan sortu zen 1922ean, Irlandan jada zegoen Cumann na mBan izeneko mugimenduan oinarrituta. Hurrengo urtean, Primo de Riveraren diktadurarekin, legez kanpo utzi zuten jada beste hainbat erakunde abertzalearekin batera. 1931ean, II. Errepublikaren etorrerarekin, klandestinoa izateari utzi zion bere onarpen publikoa inplosionatuz: kideen kopurua handitzen joan zen gogoz eta jarduera politikoa ere bai. Gerra zibila iritsi zen eta harekin batera jazarpena, torturak, kartzela, hilak... Segidan, gerraostea eta azkenik erbestea. Baldintza latz horietan, EABko emakumeek justizia sozialeko konpromiso abertzale eta humanista mantendu ez ezik, indartu ere egin zuten: emakumeren eta haurren hezkuntza sustatu zuten baita euskara bultzatu eta babestu; gaixoen, behar-tsuen eta presoen aldeko laguntza-jarduerak ekin zituzten; mitin askotan parte hartu zuten –haien hitzaldiak, ahaztezinak– baita Eusko Jaurlaritzaren informazio-sareetan; kazetari eta kronistak izan ziren ere... EAJren nortasuna ohoratuz edonon, beti JELpean.

Amona Balek zioen: Egindako bideak ez du kalterik egiten. Behatu eta ikasi, biho-tzaren aginduari jarraitu gero. Beraz, EABren mendeurrenean, aurtengo Emakumeen Nazioarteko Egunean, nere eskerronik hunkigarriena haiei guztiei adierazi nahi diet. Izan zirelako, gara.

noticias de noticiasdenavarra