i vis pacem, para bellum esaldia kantatuz ikasi genuen. Odolaren usaina, biolentziaren erresumena zen hurrengo lerroa. Eta bai, odolaren usaina eta biolentziaren erresuma hurbil dauzkagu gaur egungo inbasioaz geroztik.

Europako ordezkariek oso ondo barneratu dute latineko esaldia, eta horrekin batera zein garran-tzizkoa den arerioari botere militarraren hortzak erakustea ere, norberaren zaurgarritasuna eta ahuleziak agerian geldi ez daitezen. Nazio batek erakutsi behar du bere defentsa militarra boteretsua dela, eraso baten aurrean irabazle suertatuko den nagusigo militarraren bidez.

Eta gaur egungo erakustaldi perbertsoa dirutan neurtzen da. Margarita Robles Espainiako Defentsako ministroak horren aldeko berbak bota zituen: “Defentsan inbertitzea, bakean inbertitzea da. Bakea da oinarrizko betebeharra bestelako eskubideak garatu ahal izateko.” Hots, armak erosten sekulako dirua “inbertituko” da, pentsio, osasun, heziketa eta abarretan “gastua” egiten den bitartean.

Espainiako politikoak delirioan bizi dira, eta okerreko norabideak hartzen dituzte eskrupulurik gabe. Gerra badago aurrekontu militarra puztu eta diplomazia baztertu egiten dute; pandemiaren aurrean farmazeutikak era iraingarrian aberasten dituzte, eta ez dute osasunbidea indartzen; alarma klimatikoaren aurrean eredu ekonomiko eta energetikoa ez dituzte aldatzen, eta CO2-a isurtzeak ez dira kontrolatzen. Argi dago nolako lehentasunak dituzten munduko gobernantek.

Alderdi askok gastu militarra handitzearen kontra altxatu dute boza, hobe luketela eremu sozialera bideratzea esanez. Osasunaren indarguneak eskastu dira pandemia luzean, eta egun gutxiren buruan sos eta arma gehiagorekin konpondu nahi dituzte herrialdeen arteko liskar esperpentikoak.

Ondorioa? Barne Produktu Gordinaren %2 Espainiako Defentsa Ministerioak jango du. Milioiak eta milioiak armak eta munizioak erosteko. Eta betiko legez, arma-industriak pozarren agertuko dira, material berriak produzituko dituztelako eta salmentak estratosferikoak izango direlako.

Horixe da gure mundua.