erroburu bat irakurriko nuen nonbait edo irratian zerbait en-tzun, gogoa edo gorputza beste zereginen batean zegoen bitartean; ez nuen gehiegi sinetsi edo ez nuen gehiegi sinetsi nahi. Saharakoaz ari naiz. Arreta gehiago jarri eta, azkenaldian hedabideetatik iristen zaidan guztia mesfidantzaz beterik hartzen dudanez, lerroburuaren azpian zetorren guztia irakurri nuen. Oraindik ezin sinetsita, beste egunkari bat zabaldu nuen, eta beste bat, eta beste bat, konprobatzeko Mendebaldeko Saharakoa benetakoa zela, Espainiako Erresumari ondo iruditzen zaiola deskolonizazio eta autodeterminazio guztiak bertan behera laga, utzi, abandonatu eta, beraz, Marokoko Erresumaren barnean autonomia "zabala" dela Saharak izan dezakeen aterabiderik onargarriena (Espainiako Erresumak atsegin ditu autonomia "zabalak"). Traizioa ezin da handiagoa izan.

Mendebaldeko Sahara saltzearen truke, badirudi Espainiako Erresumak lortu duela Maroko Europako diskotekako atezain izaten jarraitzea, festara gonbidatuta ez daudenak kontrolatzeko; esaten da Ceuta, Melilla eta ur kanariarrak ere akordioan daudela; ez da esaten, baina susmoak ditut, agian Marokok isilduko dituela horrela Espainiako errege zaharraren negozio ilun batzuk.

Mundu osoan omen dagoen gobernurik aurrerakoienak saldu du Saharako jendea. Ez dago beste hitzik. Hasiko dira orain (dagoeneko hasi dira) hizkuntza malabarismoak, Nazio Batuen ebazpenak eta autonomia "zabala" bateragarriak direla esateko eta abar. Espainiako atzerri ministroa horretan dabil orain, baita Borrell txoriburu hori ere. Lotsagorrituko dira sozialistak, gertu ditugun sozialistak, Andueza jauna eta Mendia andrea, adibidez? Ez dut uste. Lotsagorrituko da gobernuan dagoen Unidas Podemos? Lotsagorritzeaz gain, zerbait egingo du?

Guztiok egiten ari garen geopolitika ikastaro trinkoan ikasi dugu asteon zeri dei-tzen zaion realpolitik, Putin satrapa bat dela, baina Marokoko erregea ez, mesedez, eta Mendebaldeko Sahara autonomiarekin konformatu beharko dela. Eta Nazio Batuak hutsaren hurrengo direla birpasatu dugu.