oinu berezia du arrakala berba esanguratsuak. Itsaz ertzeko etxeetan sarri sortzen dira. Obra berritzaileak -beharrezkoak bestalde- sotinka uzten ditu etxeok hondarrean oinarria duten habeak dantzan hasten direnean. Zorua zementuzkoa balitz erori egingo lirateke baina berezitasun horri esker eutsi egiten die. Halere, tarteak bete eta hormak konpondu behar izaten dira.

Irudi hori etorri zait gogora Gorte Nagusietakoa ikusita. Ez dakit Espainiako gobernuaren habeek hondartzan edo zementuan duten oinarria, ez dakit konpondu daitezkeen arrakalak edo etxea goitik behera jausiko den.

Pegasusen inbasioak -eskubideak mugatzen dituen arma baita- agerian utzi du Pedro Sanchezen gobernuaren noraeza eta ahulezia.

Politikan antzua suertatzen da kanpora begira eta komunikabideetako izenburuen peskisan soilik norbere jarduna eramatea. Egia da itsu-itsuka ezin dela politika garatu, batez ere besteen premia dagoenean. Baina ezin da putz egin eta, aldi berean, jana irentzi, ezin den bezalaxe demokratikoki partekatutako konpromisoak bete ez, tablero politikoa arrakalaz zartatu eta kudeaketa politikoak aurrera egin.

Gero eta nabariagoa da gobernuaren beraren goitik beherako pitzadura, besterik ez baita PSOE eta UPren artean dagoen konponezina. Eta horrela ez da erraza alderdi biok gobernuari eta, aldi berean, sinesgarritasunari eustea.

Halere, hori ez da, sakona izanda ere, Espainiako presidenteak duen liskar politiko bakarra. Ez ditu zaindu legebiltzarrean babes estrategikoa eman dioten alderdi poltikoak baina lotuta nahi ditu euren botuak beste muturrean dagoen okerraren mehatxua erakutsiz.

Horrezaz gain, PPrengana hurbiltze saiakeran dabil, Pegasus auzian argi ikusten ari garenez. Dena ukatu ostean iturrienganako destaina agertuz hasi zen Robles ministroa. Gertatu denaren larritasuna aitortu eta hondoraino ikertzeko hitza eman ordez, PPrekin batera ari da zulo demokratiko lotsagarria faltsuan ixten. Horretan jarraitzeak, arrakalen tarteak konpondu ez eta eta haustura ekarriko du.