Premisa nagusia, goebbelstarra, errefusaezina: 3 + 3 = 5. Bigarren premisa, aztergaia fokuan jartzen duena: 3 ematen didazu bion hobe beharraz. Ergo, abakoak erraten dizuna: 2 gelditzen zaizu.

Premisa nagusia goebbelstarra: Espainia banaezina da. Banatzeko erreferenduma egin duzu. Ergo, delitugile zara, quod erat demonstrandum.

Edo: ez dute guardia zibila maite Altsasun. Herriko festa egunetan taberna atralaka batean egon dira zenbait gazte guardia zibil batzuekin. Ergo, guardia zibilaren erasotzaile dira, quod erat demonstradum.

Barkatu pedantekeria, baina balio beza performance baten gisa, epaitegi berezi horien prozeduren bihurrikeria biluzian uzteko.

Altsasuko gazteena eta Kataluniako politikariena, parekoak biak espainiar justizia sistemaren garantia-zaletasuna ikusarazteko. Auzipetuentzako garantiarik ez, baina premisa nagusia garantizatzeko legeetan sasiletratu horien ahalegin paregabeak. Sententzia idazki luzeak, kondenak bezain luze: ongi jakinda zer etorriko zaien bertze askotan bezala Europatik, izugarrizko literatura saioak egin dituzte epaileek euren narrazioari zentzurik emateko. Baina Garzoni gertatu zitzaion bezala, aldez aurretik diseinaturiko gidoian pertsonaiak bortxaz sarrarazi nahian, sinestezinak atera zaizkie protagonistak, nobela irentsezina gauzatu dute.

Quod erat demonstrandum, hau da, aurretik erabakiriko sententziaren hutsezintasuna frogatu aldera garatu dute euren ariketa semantiko-logiko interpretatzailea, kondena bat natural suertatzeko asmoz, eta tautologiko atera zaie. Badakite arrunt garantia-zaleagoa dela epaitegi europarra, baina bortz axola: beranta da beti azken bide hau, haren berantak ematen dizkie garantia eta bermea sententziei. Edonola ere, kasurik txarrenean ere, justizia garantia-zalea beti presente, zigortzaileentzakoa noski. Eta indemnizazioak ordaintzekotan, bortz axola ere bai, ez dute beraiek deusik ere ordainduko, diru publikoaren kontura izanen da. Noizko, horrelako bidegabekerien egileei nolabaiteko kalte-ordainak ezartzea? Haien curriculumetan behintzat. Baina jai dugu: dominak eta ohoreak emanen dizkie, hainbat torturatzaileri bezala, frankismo osteko sistema honek.

Justiziaren pornografia: mendekua togaz jantzi eta justizia erantzi. Pornografia horren garantia gisa jokatzen du europar auzitegien ebazpenen berantak. Eta arrakalaturiko bipartidismoaren presidentegaiak, biluzgorrian begi-bistan justizia mendekuzaleari txaloka. Auzitegiei begirune osoa adierazi diete, baina begirunea pultsuan irabazi behar da bizitzan eta instituzioetan. Pultsuan ez, presidentegaiei men egiten, berauen aurrean belauniko irabazi nahiago izan dute epaileek.

Gaztigu eman digute herritarroi zer ondorioak datozkigun premisa nagusi goebbelstarra ez badugu onartzen. Alta, ez Espainiak ez auzitegi bereziek ezinen dute horrela ez Euskal Herrian ez Katalunian ez eta espainiar zentzudunengan ere lortu ez begirunerik ez atxikimendu gehiagorik: tokian tokiko trintxeretakoengan elkarrekiko gorrotoa elikatzerik bai, ordea.