Duela 10 urte erabakitzeko eskubidearen alde dozenaka herritar bildu ginen Ficoban (Irun), eta itxaropen eta ilusioz Gure Esku Dago ekimena aurkeztu genuen (orain Gure Esku dena). Helburu argia genuen aurrean; bagenekien euskal herritarron erabakitzeko eskubidea egikarituz, gure etorkizun politikoa erabakitzearen alde lan egingo genuela. Ez genuen porturik ikusten, baina Ines Osinagak Txalupa kantuan esaten duen bezala, imaginatzera ausartu ginen eta harantz hasi ginen arraunean. Hasteko, erronka handia jarri genien bai geure buruei baita euskal jendarteari ere; handik urtebetera giza-kate erraldoia egingo genuela iragarri genuen. Argi oihukatu genituen gure hiru ardatzak: “Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da!”

Hamar urteotan erabakitzeko eskubidearen aldeko giro berri bat eragin dugu, zoru komun bat osatzen eta elkarbizitza hobetzen lagundu dugu. Etorkizun politikoa erabakitzea bertako herritarroi dagokigula ezartzen duen printzipio demokratikoa errotu eta sendotu egin da gure gizartean. Ehule izan gara, jostun, erabakitzeko baldintzak eta arrazoiak mahai gainean jarri ditugu, gorputzetan urtetan sentitu izan dugun horri hitzak jarri dizkiogu, hitz horiek harrotasunez ahoskatu ditugu eta elkarrekin ahoskatzeko gonbita egin diogu euskal jendarteari, batzen gaituzten puntuetan fokua jarriz.

Izan ere, erabakitzea ariketa konplexua da, konplexua eta exijentea. Beste herrialde batzuetan ikusi dugu ez dela erraza ariketa kolektibo hori egitea, desadostasunei leku egitea, adostasunetatik lan egiteko. Horregatik simulazioak egitea garrantzitsua da, oztopoen aurrean prest egoteko, bakoitzak jakiteko non egon nahi dugun, korronteak kontra jotzen duen arren, geure alde jotzen duen haize ufadatxo bakoitza arraunean egiteko probesteko, prest egoteko. Argi daukagu herritarrok garela prozesu honen bermatzaile eta protagonista. Guk ez badugu egiten, inork ez duela egingo.

Baina 10 urte igaro dira bide hau hasi genuen unetik eta galdera berriei erantzun berriak eman beharra dagoela uste dugu, ezinbestean. Kontua da gure buruari galdera egokiak egiten asmatzea. Ziurgabetasun handiko garaian gaude eta, gauzak horrela, Gure Eskun kolektibotasunaren aldeko apustuak, sareak, aliantzak, babesak sortu nahi ditugu, behelaino artean ere arraunean jarraitzeko. Ziurgabetasun garaian ere, lema hartzeak merezi duela argi izanda eta bakarrik ez gaudela jakinda, aurrera egiten jarraituko dugu.

Galdera berrien eta erantzun posibleen mapa marrazteko, Gure Eskuko kideok gogoeta prozesu bat hasi genuen azaroan. Itsasargia deitu genion eztabaida-herritar horri, bidea eta norabidea argitzeko beharra sentitu genuelako. Eztabaida emankorra izan da eta herritarron ekarpenekin piezak berregokitu eta proposamen politikoa zehaztu dugu. Honek hiru ardatz ditu; hots, erreferendum bidez erabaki ahal izatea, burujabetza esparruak irabaztea eta prozesuan lurraldetasuna bermatzea.

Etorkizuna aske erabakitzea gure herrian errotutako borondatea da, etorkizuneko erronka kolektiboei behar bezala erantzuteko edota herritar guztien bizi baldintzak hobetzeko, premiazkoa da erabakitzeko ahalmena areagotzea. Etorkizun politikoa erreferendum bidez erabaki nahi dugu, baina norabide hori bistatik galdu gabe, bidea jorratzen dugun bitartean, erabakitzeko ahalmena handitzea lortu behar dugu, eremuz eremu eta lurraldez lurralde.

Eta, horretarako, helburua ez ezik, bidea ere irudikatzea garrantzitsua da. Batzuetan falta izan zaigu bidea argiago irudikatzea, eta horrek eraman izan gaitu arrakala handi xamar bat ikustera egungo egoeraren eta balizko erreferendum baten edo batzuen artean. Baina elkarrekin gure etorkizuna irudikatzea posible da, ez da delitu, ezin digu inork debekatu, eta gainera, gure esku dago. Konbentzituta gaude ariketa hori elkarrekin egiteak lagunduko digula gure herria egituratzeko behar ditugun urratsak diseinatzen eta planifikatzen. Narratiba elkarrekin sortuko dugu, hitzekin ez ezik, ekintzekin ere.

Halaber, herri ikuspuntutik, burujabetza esparruak irabazi behar ditugu; izan ere, burujabetza esparru materialak geureganatzeak estatus politiko burujabea lortzen lagunduko dio gure herriari eta, era berean, urrats burujabeak egitea eta arnasgune burujabeak eraikitzea gakoa izango da burujabetza osoa lortzeko. Eta hori herriz-herri egitea ezinbestekoa da, lurralde bakoitzaren ezaugarriei eta erritmoei erantzunez.

Hortaz, mobilizazioak antolatzen jarraituko du Gure Eskuk, bai erabakitzeko eskubidearen aldekotasun zabala erakusteko, bai erabakitzeko ahalmena handitzeko beharra aldarrikatzeko, bai herritarrak aktibatzeko ere. Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo sozio-politikoak eraginkor bihurtzen saiatuko gara, herriz herri eta lurraldez lurralde. Ildo beretik, estatus politiko berrien alde, eragile sozio-politiko-instituzionalen adostasuna eta konpromisoak sustatuko ditugu eta etorkizun politikoa boto bidez erabakitzeko proposamenak eta aukerak landuko ditugu.

Eta badakigu ez garela arraunean ari garen txalupa bakarra, badaudela beren buruaren jabe izateko borrokan ari diren hainbat herri. Horiekin elkarlanerako aukerak ehuntzen jarraituko dugu, zein nazioarteko itsaso zabalean gure txalupa ikustarazten eta joko-zelai horretan sortzen diren aukerei adi, une egokia helduko denerako prest.

10 urte igaro dira jada bidaia hau hasi genuenetik, 10 urte baino ez. Ekainaren 8an, osteguna, 19:00etan Portugaleteko merkatuan elkarrekin ospatuko dugu egindako ibilbidea. Martxoan gurekin egon zen Andre Pazi irakasle korsikarrak esan bezala, bide honetan oso garrantzitsua da elkarrekin egotea, elkarri begietara begiratzea. Ostegunean izango dugu horretarako aukera, bertan itxarongo zaituztegu.

Itsasargiaren laguntzaz, norabidea argiago daukagu, oihalak haizeari aurre egiteko prest, irudimena erne eta portura iristeko itxaropena inoiz baino osoago. Erabakitzeko eskubidea eta burujabetza erdigunean jartzeko garaiak datoz. Elkarrekin egiteko bidaia da. Har dezagun bidea, har dezagun etorkizunaren lema! Elkarren eskutik lortuko dugu!

Zelai Nikolas Ezkurdia, Angel Oiarbide Ruiz, Amalur Alvarez Ortiz eta Josu Etxaburu Osa (Gure Eskuko bozeramaileak)