Fiat-en hiria baino gehiago
Po ibaiaren eta Italiako Alpeen artean babestuta, hamaika sekretu ezkutatzen ditu Turinek. Gida turistiko inprobisatu bati esker ezagutu ditugu guztiak
Michele atzerritar despistatu guztiengana hurbiltzen da. Erretiroa hartu zuenetik, agure ipurterre honen denbora-pasa bakarra bilakatu da bisitariak geratu eta haiekin solastea. Michelek bere hiria, Turin, maite du. Eta irizten dio ez dela behar den bezala balioesten. “Erroma, Venezia, Florentzia eta Milan hiri ederrak dira, baina hau ez da zatarragoa”, diosku.
Guri ere bat-batean hurbildu zaigu Gaztelu Plaza ederrean, hiriko mapa begiratzen ari ginela. Hasieran mesfidati hartu dugu. “Zertan ari da agure hau?”, galdetu diogu elkarri. Indibidualismoan oinarrituriko XXI. mende honetan ez gaude ohituta ezezagun baten berotasuna jasotzera.
“Etorri nirekin, Turingo elizarik ederrena erakutsiko dizuet”, adierazi digu. Guk ez dakigu zer eran-tzun. Dagoeneko bisitatu ditugu katedrala, erregearen jauregia, Vittorio Emanuele enparantza... eta nekatuta gaude. Baina Michele burugogorra da eta ez gaitu bakean utziko. “Goazen, bada”, diosku. Atzetik jarraitu diogu guk.
Poliki-poliki ibiltzen den gizona da Michele, eta elizara iritsi arte hiru ideia argi utzi dizkigu: ez du dirurik nahi, ez zaio gustatzen argazkietan agertzea eta ez dago berak bezain ondo sukaldatzen duen chef ezagunik.
Hainbat minuturen ondoren, elizara iritsi gara. Michelek ez digu iruzur egin. Ederra da La Consolata santutegia. Piemonteko barrokoaren maisulan honek berezitasun bat gordetzen du gainera: hilzorian egondako fededun sendatuen marrazkiak ditu. Kaperak irudiez gainezka daude.
Bisitaren ostean, Micheleri eskerrak eman eta agurtzeko prest gaude, baina agureak jokoz kanpo utzi gaitu beste behin. “Ezin zarete Turinetik joan Bicerin kafetegiko txokolate beroa dastatu gabe”. Bere gonbidapenak mehatxu atsegin bat dirudi. Berriz ere elkarri begiratu diogu eta haren nahiak jarraitu digutu.
Bicerin, Turingo kafetegirik zaharrena da. Ederra, txikia eta karismaz betea. Barrura sartu bezain laster, jabeak izenez agurtzen du Michele. Dagoeneko badaki zer eskatuko duen agureak: txokolate beroa denontzat. Eseri ondotik irrika piztu zaigu gure aurrean daukagun gizon erretxin eta maitakor hori ezagutzeko.
Txokolate beroaren inguruan luze jotzen du elkarrizketak. Orduan ohartzen gara Michele bakarrik bizi dela, senitarteko guztiak hil zaizkiola, eta, bizitza guztia Fiat konpainiako katean kotxeak egiten pasa ostean, jendearekin hitz egiteko beharra daukala. Bere istorioak hunkitu egin gaitu eta barkadadearen ziztada sentitu dugu.
Txokolatea amaitu orduko maitasuna hartu diogu Micheleri. Bada, eguna berarekin amaitzeko prest gaude. Agureak ere gogoz onartzen du, beraz, kafetegia utzi eta beste eraikin ikusgarri bat bisitatzera eraman gaitu: Antonelliren Dorrea, Turingo sinbolo arkitektonikorik ezagunena. Kupula formako eraikin handia da eta sinagoga bat izateko diseinatu zuten XIX. mendean. Egun, ordea, Zinemaren Museo Nazionala da. Michelek igogailuan igo-tzeko esan digu, eta goiko balkoitik Turingo bista ederrak erakutsi dizkigu.
Konturatu orduko, berriz, ilun-tzen hasi da. Michelek Turingo aperitibo tipikoa dasta-tzera gonbidatu gaitu. “Piemonteko gastronomia zuen pintxoen antzekoa da”, nabarmendu digu. Horretarako, taberna bihurturiko farmazia zahar batera eraman gaitu, Carignano Plazan: “Toki garran-tzitsua da hau, izan ere, Camillo Cavour politikariak hemen aldarrikatu zuen Italiaren batasuna”. Aperitiboak ere luze jo du. Amaieran, afaltzera gonbidatu nahi dugu, baina Michelek ez du onartzen. Nekatuta dago eta etxera itzuli nahi du. “Gaua gazteentzat da, nik ez daukat adinik kalean jarraitzeko”, adierazi du ziurtasunez. Bihar turista gehiago geratuko ditu.
Besarkada baten ostean, hiriko arkupeetatik desagertzen da Michele. Ziur aski ez dugu berriz ere ikusiko, eta hutsune antzeko bat sentitu dugu. Turinera bazoazte, ez galdu atzerritarren atzetik dabilen agure erretxin bat. Michele ezagutzea hirian izandako esperientziarik ederrena izango da.