Eraikitzeko dagoen espazio bat eta bi lagun noraezean. Txikitatik jasotako jarraibideek eta bidean sortzen diren galderek eta erabakiek dituzten ondorioak gorpuzten ari dira dantzaren bidez. Ioar Labat eta Julia Razquin dira dan-tzariak. Duela urte bete Erain konpainia sortu, eta Sin fichero adjunto (Fitxategi erantsirik gabe) lana taularatu dute apirilaren 6an, Lesakan (Nafarroa). 2024an DNA Nafarroako Dantza Garaikidea programaren baitan egindako egoitza artistikoari esker garatu dute lana. Konpainiaren lehenengo obra da, eta Labatek sormen prozesuaren nondik norakoak azaldu ditu.

Gaztetatik hasi ziren elkarrekin dantzan, baina herrialde askotan egon direnez, urte asko eman dituzte bananduta. Labatek esan duenez, gaztetatik “oso argi” zuten dantzariak izan nahi zutela. Aitortu du “pasioak” eta “ezjakintasun hutsak” eragina izan dutela horretan: “Uste genuen bide bakarra zela atzerrira joan, konpainia prestigiotsu batean sartu eta gure bidea egitea. Horrela pozik egongo ginela uste genuen”. Gerora ondorioztatu dute agian hori ez dela hartu nahi duten bidea. Egun, hogeita sei eta hogeita zazpi urte dituzte, baina hamabost urterekin Razquin Madrilera joan zen, eta Labat, aldiz, Bartzelonara. Ordutik, han eta hemen ibili dira: “Pasioak batzuetan oso leku desatseginetara eramaten gaitu. Batzuetan, izugarrizko profesionalekin zaude, baina bakarrik sentitzen zara. Eta, pentsatzen duzu: ‘Zer egiten dut Alemaniako herri txiki batean galduta?’.

Horrelako galderetatik tiraka, nolabaiteko krisian sartu, eta erabakiak hartzen lagun-tzeko jarraitu beharreko gida baten falta sumatzen zuten. Horregatik, hori islatu nahi izan dute obran: “Egin beharreko gauzen jarraibideak galtzearen sentsazioarekin jolasten hasi ginen eta pentsatzen nolako izanen zen norbaitek esatea zer egin behar duzun. Adibidez, Ikeako altzari bat munta-tzen duzunean bezala”. Egileen arabera, dantzatik sortzen diren kezketatik abiatzen diren arren, beste ogibide batzuetara zabaldu daitezkeen zalantzak ere dira. 

Ioar Labat eta Julia Razquin dantzariek osatzen dute Erain konpainia. Jesús Robisco

2019an, It Dansa, Bartzelonako Antzerki Institutuko dantza konpainia gaztean kointziditu zutenean sentitu zuten etxera itzultzeko beharra: “Konpainietako erritmoa oso inten-tsua da. Gainera, COVID-19a etorri zenean audizioak egiteko aukera pikutara joan zen eta ez genuen argi ikusten geure burua atzerrian”. Hori dela eta, Euskal Herrira itzuli eta freelance moduan lanean hasi ziren. Horretarako, Erain konpainia sortu, eta 2024an, DNAko deialdian izena eman zuten: “Aldi berean gure proiektuak ditugu beste konpainia batzuekin; adibidez, Julia Dublingo dDantza Konpainia Nazionalean zegoen, eta ni Suitzan eta Frantzian”.

Euskal Herrira itzulita, ikusi dute, etxean ere dantzarako zirkuitu bat dagoela, baina presio “handia” dagoela urtero produkzio berri bat sortzeko: “Lan egin behar dugu, baina arteak askotan beste erritmo bat dauka. Beldur pixka bat ematen du”. Horregatik, uste du dantzaren munduan “egiturazko prekarietatea” dagoela: “Ezin gara kexatu gure lehenengo urtea delako eta diru-laguntzak jaso ditugulako produkzioa egin ahal izateko. Baina, honek ez digu ematen segurtasun minimo bat eta hori oso tristea da”. Gaineratu du zazpi emanaldi lotu dituzten arren, programatzea “oso zaila” dela: “Gainera, kosta egiten da jendea antzokira joatea, askok sentitzen dute ez dutela ulertuko”. Horregatik, uste du ikusleen begirada landu behar dela: “Nik, adibidez, Tafallako ikastolan ez dut dantzaren inguruko deus jaso. Soilik, euskal dantzak. Uste dut zerbait kulturala dela, eta ez gaudela ohituta gorputzarekiko harremana lantzera” 

Mugimendua aztertzeko astia

Labatek azaldu duenez, konpainietako erritmoa “oso azkarra” izaten da, eta bost edo sei aste izaten dituzte produkzio bat sortzeko. Erainen kasuan, aldiz, urtebete izan dute euren proiektua murgildu, eta askatasunez gehiago esploratzeko: “Inprobisazioak egiten hasi ginenean, ikusi genuen, beti mugimendu berdinak egiten genituela eta bagenekiela zer eginen zuen besteak. Oso interesgarria izan da ikustea nondik sortzen ditugun mugimenduak”. Hodi batzuk ere baliatu dituzte obra sortzeko, eta jakingarria izan da ere ikustea hodi horiek zer-nolako eragina daukaten mugimenduan.

Gainera, beste batzuetan ez bezala, musika, eszenografia, janzkera eta beste landu ahal izan dituzte. Jantziei dagokienez, “ahalik eta neutroena” izatea nahi zuten: “Ez genuen neska bat eta mutil bat izan nahi. Gure harremana oso horizontala da, eta oholtzan hori islatu nahi genuen”. Labaten-tzat prozesuko gauzarik “interesgarriena” soinu-espazioa sortzea izan da. Mauricio Pérez Fayos arduratu da soinu-espazioa eta argien diseinuaz. “Pozgarria izan da hirurok elkartzea eta aztertzea gure gorputzek eta hodiek zein soinu ateratzen dituzten eta nola sortu giroa ikusleak kokatzeko. Azkenean, obrak bere ibilbide propioa hartu du”, esan du Labatek.