Ane Segurola (Irun, Gipuzkoa, 1996) ekoizle eta musikariak Saguxar ezizenaz argitaratu du bere lehen lana. Sei mila urte izeneko diskoan artista irundarrak ametsetako mundura hurbiltzen gaitu. Izan ere, guztiz autoekoitzitako lan honetan hainbat elementu esperimental batu ditu soinu atmosfera propio bat sortuz. Besteak beste, sintetizadore digitalak, efektuz jantzitako gitarra ambientalak, naturaren eta teknologiaren ehundura laginduak eta armoniaz osatutako ahots etereoak reverb geruzen azpian biltzen ditu kontu handiz, xehetasunez betetako ekoizpen zaindu batean. Soinu hauek letra iradokitzaileekin nahasterakoan euskal musika eszenan arreta deitu du, euskaraz entzun ohi ez diren hainbat estilo ukitu baititu, haien artean ambient, dream pop, trance edota elektronika esperimentala. Azkenaldian, hainbat kontzertutan parte hartu du, adibidez, Bilboko Kafe Antzokian Verde Pratoren telonera gisa eta Donostian Dabadaba aretoaren 11. urteurrena ireki zuen.
Ane Segurolaren kultur gomendioak
Abesti bat: Nicolas Jaar - Three Sides of Nazareth.
Disko bat: Smerz - Believer.
Musika ekoizle bat: Barbara Braccini ekoizle eta DJ frantsesak hainbat ambient proiektu ezberdin eramaten ditu batera. Haien artean bi hauek: Malibu izenpean itsasoarekin lotura handia duen musika murgiltzaile eta melankoliatsua sortzen du. DJ Lostboi gisa, ordea, pop ereserkiak trance etereo bihurtzen ditu. Gainera, NTS irratian United in Flames izeneko saio musikalak egiten du hilero. Bertan soinu-mundu xarmagarriak eraikitzen ditu.
Liburu bat: Alex Ross - Listen to this. Musikan interesa duten guztiei gomendatzen diet, baina, bereziki musika klasikoan interesa duten pop zaleei.
Opera bat: Lenny Abrahamson - La habitación.
Film bat: Claire Denis - High Life.
Kultur espazio bat: Liburutegi publikoak.