Pirata edo kortsario hitzak entzun orduko, itsaso eta ozeanoetan barrena egundoko abenturak bizi izandako jende ausarta datorkigu burura, baina piratak ez dira Karibeko kontua soilik. Euskal Herria ere pirata eta kortsarioen lurraldea izan zen iraganean”. Aiert Beobide Haatik dantza konpainiaren zuzendariaren hitzak dira. Taldeak euskaldunok itsasoarekin bizi izan dugun harremana azaldu du Itsas Lapurrak beraien azken ikuskizunean. Besteak beste, portuetako bizimodua, itsasoratzea, abordaia eta itsasoaren inguruko sineskeriak azaltzen ditu obra honek.
Izan ere, ez da asko hitz egin hemengo piratei buruz, Beobideren esanetan. “Gai iluna dela dirudi, ezkutukoa. Emanaldi honetan gogora ekarri nahi izan dugu pasarte hori, gure historiaren parte delako”. Hala, XVI. eta XVII. mendeko Euskal Herriko edozein portutako historia kontatzen eta dantzatzen dute emanaldi honetan aritzen diren zortzi dantzariek. Aiert Beobide bera, Itziar Dohyarzabal, Anne Jauregi, Amaiur Luluaga, Iker Sanz, Irati Sorondo, Nerea Ezenarro eta Jon Arsuaga dira, hain zuzen, pirata-dantzariak.
ikerketa sakona Konpainiako kideek ikerketa lana egin behar izan dute aurrena emanaldia prestatzeko. Donostiako Itsas Museoko piraten inguruko erakusketa bat oinarri hartuta hasi ziren ikuskizuna prestatzen. “Konturatu ginen piratak egon bazeudela eta beraien inguruko datu historiko asko bildu genituen”, kontatu du zuzendariak. Adibidez, egun Pasaiako udaletxea dagoen Arizabalo jauregiko familiaren egoera ekonomikoa Sokoara joan eta hango ontziak gauez lapurtu ondoren hasi zela suspertzen jakin zuten. Portu bateko eguneroko bizitza irudikatuz abiatzen da ikuskizuna. Izan ere, portuak ziren garai horretan kultur aniztasunaren ikur, Beobidek dioenez. “Mugimendu handia zegoen, hizkuntza nahasketa eta material eta janari berriak bertara iristen ziren”, kontatu du.
Portuetan beti festa giroa zegoela kontatzen du zuzendariak; hala, dantzaren bidez, ikuskizun honetan ere festa egiten dute. Itsasoratzea da hurrengo atala. Itsasoaren gordintasuna irudikatu nahi izan dute bertan, eta baita lehorrean gelditzen ziren familia eta lagunen beldur eta tristezia ere. “Asko ez ziren itzultzen eta alargunez beteta zeuden portuak”, dio Beobidek.
Sineskeriaz beteta egon ohi da itsasoko bizitza eta horiek ere gogorra ekarri dituzte. “Emakume batek itsasontzian zoritxarra eragiten zuela zioten, lamiek ekaitza sortzen zutela eta gizonak amildegietara erakartzen zituztela, adibidez”, aipatu du Haatik konpainiako zuzendariak. Dena den, dokumentazio prozesuan konturatu ziren emakume piratak ere existitu zirela gurean eta pasarte hori ez dute ahaztu nahi izan. “Gainera, ez dakigu zergatik, baina emakume piratek garrantzi handia zuten garai horretan”. Are gehiago, emakumeak “borrokalariak, piratak eta ausartak” zirela dio Beobidek. Ikuskizunean emakume bat ere itsasoratzen ikusiko dugu. Bi itsasontzi elkarrekin borrokan irudikatu dituzte gero, etsaien arteko abordaia irudikatuz. Azken atalean, porturako itzulera irudikatu dute.
antzezpen kutsua Dantza tradizionala eta garaikidea uztartzea izan da beti Haatik konpainiaren filosofia. Euskal dantzetan oinarritzen dira, baina beste lengoaia batzuk ere erabiltzen dituzte. Kasu honetan, Beobidek onartu du zaila egin zaiela istorio hau dan-tzaren bidez kontatzea. Horregatik, ikuskizunak “antzezpen puntu” bat duela jakinarazi du. “Olatz Beobide antzerki zuzendariaren laguntza izan dugu, mugimenduak, begiradak eta keinuak lantzeko”. Bestelako elementuen artean, jantzien ikusgarritasuna aipatu du Beobidek. Ramon Garciak sortu ditu protagonisten jantziak eta taldea oso pozik dago elementu “deigarriak” direlako.
Ordu erdiko iraupena duen kaleko emanaldia da Haatik konpainiaren azken lana. Kalean dantzatzen dutenez, maia-tzetik irailera egin ohi ditu emanaldiak talde gipuzkoarrak, eta uda honetan herriz-herri ibili dira. “Kalera ateratzea oso positiboa da beti, espero ez duzun jendearengana iristen zarelako eta afizioa sortzen dugulako”, nabarmendu du Beobidek. Piraten istorioekiko ume eta gazte askok interesa agertzen dutela ere nabarmendu du zuzendariak. “Hori funtsezkoa da, gazteenak gure etorkizuneko ikusleak dira eta erakarri behar ditugu. Gu saiatzen gara erakusten dantzaren bidez ere bidaiatu daitekeela, eta ez dela beharrezkoa pantaila baten aurrean egotea”.