Galderek ematen diete hasiera 'Hotza Bazkatzen' liburuko kapituluei. Hamar galdera, hamar kapitulu. Gutxika-gutxika idatzi den liburua izan arren, hamar eguneko itxialdi batean eman zion amaiera liburuari Izaskun Igoak (Ziga, 1995). Konfinamendu horretan galderak etorri zitzaizkion burura, poemetatik tiraka batzuetan, galderei tiraka besteetan, osatu zuen liburua. Keinu bat egin nahi izan zion idazleak konfinamendu horri liburua antolatzeko unean.

Galderek erantzun bat izan ohi dute bueltan, edo behintzat, erantzun bat lortzeko helburuarekin egiten dira. Hala ere, galdera guztiek ez daukate erantzunik eta askotan hausnartzeko bide izaten dira ere. "Pentsatzen dut batzuetan bazela saiakera galderei erantzun bat bilatzeko, baina beste batzuetan ere uste dut poemak idazteak eraman nautela galderetara. Ez dakit helburua nuen beti galdera erantzutea edo agian galdera horrekin lotzen ahal nituen ideiak proposatzea", azaldu du Igoak. Eta ideia mordoa proposatu ditu, izatearen inguruan, "zu" ezberdinen inguruan, denbora eta espazioaren inguruan...

Bi denbora mota

Zenbat denbora behar du bizitza batek bizitzeko? da liburuko galderetako bat. Poemetan denboraren gaia oso presente dago eta idazleak hausnarketa egin du horren inguruan. Bi denbora bereizi ditu, alde batetik naturak markatzen duena eta bestetik bizitza modernoago batean ditugun denborak. "Nik hor sentitzen dut batzuetan egun baten barnean nahi ditugula egun asko sartu, edo zenbat eta gauza gehiago egin, hobe. Ez dugu gauzen iraupena kontuan hartzen edo ez dakigu denboraren iraupen hori naturak bezala bizitzen, eta horrek askotan tentsioak sortzen ditu norberarengan". Gaur egun daramagun bizitza erritmoan eta horrek sorrarazten digun guztian hausnartzeko aukera ireki du nafarrak.

Airea izan da liburuko beste elementu printzipal bat: "Askotan lotzen dugu airea aske izatearekin, espazioarekin, ongi sentitzearekin, baina iristen bada momentu bat ez zarena ari ongi arnasten, estres horretan zaudenean, aireak kontrako sentsazioa eragiten du". Harreman estua dauka honek aurretik aipatutako denboraren ideiarekin. Gure gizartean bizitza erritmo azkarrak duen ondorio ohikoa airearen falta hori da, antsietatea, finean. Azken boladan osasun mentalaren gaia mahai gainean jarri da eta antsietatea gizartean oso orokortua dagoen emozioa dela agerian geratu da.

Aipatutako erritmo azkarraz gain, hamaika estimuluz inguratuta bizi garela antzematen du idazleak. Adibidez, egon gaitezke pertsona batekin aurrez-aurre hizketan eta bitartean, Whatsapp-etik hainbat elkarrizketa izan ditzakegu aldi berean. Horrek "zu" asko sortzen ditu zu bakar baten barruan. "Nahi nuen irudikatu nik orokorrean sentitzen dudan antsietate puntu bat, hainbeste gauza aldi berean egitearen eta jasotzearen ondorioz, eta ze zaila den askotan hortik ateratzea".

Natura inspirazio

Poemak idazteko inspirazioa naturan aurkitzen du idazle gazteak, hori du bere inspirazio-iturririk handiena. Horrez gain, jendartean dagoenean, taldeetan sortzen diren elkarrizketetatik ere ateratzen ditu ideiak. Lagunarteko elkarrizketetan, jendearen jarrera eta ekintzetan... Idazleak egunerokotasunean eta gure bizimoduetan hausnartu eta hortik ateratzen ditu hitzak.

Idazleei dagokienez, Pako Aristi aipatu du Igoak idazle maitatu bezala: "Berarena izan zen irakurri nuen lehen poema liburua, Urari ostutako poemak". Karmele Jaio, Jon Barberena edo Idurre Eskisabel dira miresten dituen beste idazle batzuk eta hein batean bere idazketan eragina izan dutenak.

"Hotza bazkatzen" esamoldeak ematen dio izenburua liburuari. Esamoldea oso ohikoa da Baztanen eta hotza egiten duenean, baina, hala ere, jendea kalean elkartzen denean erabiltzen dute. Normalean zaharrek esaten dute: "Zertan ari zarete, hotza bazkatzen?". Esaera horrek liburua ondo deskribatzen zuela iruditu zitzaion idazleari.

2020an Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako XXX. Euskarazko Literatur Lehiaketan aipamen berezia lortu zuen gazteak Lurra zango zolaren gainean lanarekin. Oraingoan, Donostia kultura poesia sarien V. edizioa irabazi du Igoak. "Horrelako sari bat, ez duzunean aurretik ezer publikatu, momentu arras inportante bat markatzen du", aitortu du. Sari hauek Donostia Kulturak antolatzen ditu Balea Zuria argitaletxearekin batera, 35 urte baino gutxiagoko gazteen artean poesia bultzatzeko asmoarekin. Iaz Maialen Berastegi Katalanek irabazi zuen saria 'Eskuan beti zerbait' lanarekin eta 2020an Lizar Begoñak irabazi zuen 'Aro beilegia' liburuarekin.

Errezitaldia

Ekainaren 14an idazle nafarra aurrez aurre ikusteko aukera egongo da Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan, arratsaldeko 19:00etan, Poesia eta Pentsamendua errezitaldian. Jon Makusok biolinarekin musikatuko du ekitaldia eta Igoaz gain, Mikel Arruabarrena Larrarte, Iosune de Goñi, Juan Carlos Mestre eta Itziar Ugarte Irizar arituko dira errezitaldian. Gonbidapenak egunean bertan Victoria Eugeniako leihatilan eskuratu ahalko dira 17:00etatik aurrera.