Aurretik diseinu grafikoan aritu da Maider Leturiaga, hortaz, bere lanean ilustrazioa errekurtso bat izan dela dio. 2020an, aldiz, “inflexio puntua” bizi izan zuela azaldu du. Urte hartan hasi zen bere burua ilustratzaile modura formatzen: hainbat ikastaro, ilustrazio alorreko enkarguak... Gaur egun, ilustrazio ikasketak egiten ditu IDarte Euskadiko Arte eta Diseinu Goi-Eskolan, gehiago formatu eta profesionalizatzeko asmoz.

Ilustrazioak komunikatzeko eta transmititzeko aukera eskaintzen duela dio Leturiagak. Hala, lanen bitartez “zerbait kontatzea” du berak helburu. “Eremu pertsonalean”, barnean gordeta dituen edo asmatu dituen gauzak marrazten ditu: “Txikitatik marrazki bizidun pila bat ikusi ditut telebistan; eta esan daiteke, nire ilustratzeko joerak baduela influentzia hori. Garaian ikusten nituen estilo eta ezaugarri asko errepikatzen baititut, memorian gordea dudana edo”. 

Hortaz, esan daiteke bere marrazkien bitartez erreferentetzat dituen elementuei egiten diela keinu, hala nola: 90ko hamarkadako hainbat kontu, zinema eta telesailak… Dena den, egunerokotasunean ikusten duena islatzen duela adierazi du, betiere, fantasia puntu batekin: kolore biziak erabiltzen ditu, animalia antropomorfikoak, forma azkar eta exageratuak zein umorea. Hori dela eta, bere estiloa nahiko “infantilizatua” dela esan diote sarri.

Berezitasun horiek konkistatu zuten Mazoka marrazki azokako epaimahaia, 2022ko Bekikasle Mazoka-Laboral Kutxa saria eman baitiote Leturiagari. 

Babestu beharreko topaketak

Abenduko bigarren hamabostaldian ospatu zuten Mazoka marrazki eta ilustrazio azoka Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Bertan izan dira ilustrazioari, marrazketari, komikiari, animazioari, diseinuari edo arteari lotutako 40 protagonistak, zarauztarra barne. Horrez gain, tailerrak, kontzertuak, bisita gidatuak, kantajokuak eta hitzaldiak antolatu dituzte publikoarentzat.

Esperientzia oso polita izan dela iruditu zaio Leturiagari: “Sekulako ilusioa egiten du publikoak zure lanak apreziatzen dituela eta interesa duela ikusteak”. Mota honetako topaketek publikoarekin eta gainerako partehartzaileekin konektatzeko eta harremanak egiteko egokiak direla kontatu. Horrez gain, “oso beharrezkoak diren eta babestu behar ditugun topaketak” direla azpimarratu du zarauztarrak: “Sortzaileok ez ezik, honelako jarduerak antolatzeko lana hartzen dutenek ere traba asko eta laguntza gutxi jasotzen dute jaso behar duten lekutik...”.

Militantzia puntu bat

Leturiagak dioenez, ilustraziotik bizitzea ez da batere erraza, eta “militantzia puntu bat ere badu”. Iritzi hau, sormen alorrean dabilen edonork partekatuko lukeela uste du, gainera: “Baldintza eskasak ditugu, gastu asko eta batzuetan jasotako diru sarrerak gutxiago dira gastuak baino. Batzuetan lan olatu izugarri batek jaten zaitu, eta denbora gabe ibiltzen zara buru-belarri lanean. Besteetan aldiz, barealdia etortzen da eta ez duzu zereginik”. 

Oztopo horiei, besteengandik bereizteko zailtasuna gehitu behar zaie. Izan ere, Leturiagak dioenez, gaur egun ilustratzaile asko daude merkatuan, baita sare sozialetan ere. Hortaz, ez zaio erraza egiten bere berezitasuna zein den zehaztea. Orain arte arkatzetik hasita digitalki koloreztatu ditu bere marrazkiak, horixe izan da bere teknika. Dena den, ikasteko asko duela dio, baita teknikekin jolasteko ere. Hori bai, egiten duena “mimo handiz” egiten duela azaldu du eta, hori da, agian, berezitasun puntu bat ematen diona. 

Horren adibide dira hainbat musika talderentzat egindako lanak: disko azalen diseinua eta maketazioa, eta kontzertuetarako afixak. Bereziki Ginger musika taldearen lehen LP-arentzat egindako lanak gogoratzen dituela azaldu du: “Proiektu oso aske bat izan zen, eta nahi nuena egiten utzi zidaten. Beraiek apustu potolo bat egin zuten lan honekin; denboraz landu eta mimatzen ari ziren proiektu musikal bat zuten esku artean, eta taldearekin elkarlanean egindako prozesua oso bide polita izan zen, emaitzatik harago zerbait gehiago eman zidana”. 

Etorkizunari begira, honetan jarraitu ahal izatea eta proiektu berrietan muturra sartu ahal izatea gustatuko litzaioke ilustratzaileari eta azken aldian literatura eta narratiba ilustratua lantzen ari dela azaldu du. Oso irekia dago edozein proiektu, enkargu eta burutazio aurrera eramateko: “irudi bidez kontatua izan daiteken edozerk motibatzen nau”.