Donostiako txoko ugaritako musikariak bildu dira Nakar taldean. Elektronika, lotsagabekeria, melodiak eta txilioak. Denek bat egin dute Xalba Ramirez, Jone Laspiur, Jokin Azpiazu eta Andoni Olaetxea musikariek sortutako banda berrian. Ibilbide luzea dute guztiek: Koban, Physis Versus Nomos, Raitx, Pelax, Occhi di Farfalla… Oraingoan, Gaztea irratiaren Youtubeko kanalean kaleratu dute beren lehen kanta, Behekaldea bildumaren barruan: Nakar. Kontzertuak ere, eskukada egin dute honezkero, lanik publikatu ez duten arren. Horren xarma azpimarratu du hain zuzen taldekide den Xalba Ramirezek. Aurreratu du estudioko lana prestatzen ari direla, soinuak deskubritu ahala, eta kontzerturen bat ere iragarri dute. 

Nola sortu zen Nakar?

Jone [Laspiur] eta biok Kobanen elkarrekin arituak ginen. Iaz, Añorgako Gillotina autoedizio-azokan Pogrom taldearen kontzertuan izan ginen, eta horrelako zerbait egiteko gogoa nuela esan nion. Berak ere bazuen asmo hori, eta eskua eman genion elkarri, esanez bezala: aurrera benga! Etxean hasi nintzen probak egiten, baina gauza serioegirik ere ez. Eta Jokin [Azpiazu] eta Andoni [Olaetxea] lagunei ere esan genien animatzeko. Ez genuen inongo planik. Gauzak probatzea zen kontua. Katapulta deialdian saiatu ginen eta saritu egin gintuzten, horri esker entseiatzeko lokala lortu genuen. Hasieratik ideia izan da ez genuela produkzio handiegirik nahi. Musika egin eta probatu nahi genuen. Soinu jakin batzuk sartu, punkaren bide horretatik. Izan ere, elektronikaren munduan, joera dago superproduzitzeko, hau da, abestiak grabatu, hobetu, soinuak gehitu… Horretan indar eta lan handia inbertitzen da. Niri ez da gustatzen ez zaidanik. Besterik gabe, ez zait musika egiteko modu hori interesatzen. Eta esango nuke taldekide guztiak bat gatozela horretan.

Kaleratu duzue kanta bat jada Gaztea irratiaren Behekaldean. Diskorik ba al dator orain?

Bai. Orain gure lehen lana izango den horren prestaketetan ari gara. Eman dugu kontzerturen bat ere bai, eta horiek prestatzen ere bagabiltza. Argi dugu ez dugula zerbait atera nahi eta gero dagokion bideoklipa, eta gero lan osoa eta gero bira. Adibidez, lehen kontzertuari baietz esan genion eta orduan ez genuen kantarik ere. Lasaiago gabiltza horrela, gure erritmoa eta martxa ezagutzen. Kontzertuetara datorren jendeak ez ditu ezagutzen gure kantak, baina horrek ere badu bere xarma. Gure rollora goaz. Orain arte izan da pixka bat zetorrenaren arabera, eta horrela segitzeko asmoa dugu.

Eta etorri diren horiek, zer nolako feedbacka eman dizuete?

Bueno, gehienak lagunak izan dira. Ongi. Gustatzen zaiela pentsatzen dut. Egia da mugan dagoen talde bat garela. Puntu garaikide hori dugu, elektronikoa, melodikoa. Baina aldi berean punkaren gordintasuna eta malaletxea ere adierazten ditugu. 

“Zaldi domestikatua gobernatzen ariko bagina bezala gaude, bizitasun puntu horri eusten. Ikasten ari gara oraindik”

Eta zuek, berriz, pozik zuzenekoekin?

Guretzat prozesu bat izaten ari da. Oso gustura egon gara kontzertuetan eta probatu ditugu hainbat gauza. Elektronika egiten dugu baina ordenagailurik gabe, hau da, normalean elektronikaren munduan grabatu egiten da, eta gero zuzenekoetan erabili egiten da oinarri modura. Guk instrumentuak eta samplerrak zuzenekoetan erabiltzen ditugu. Ikasten ari gara oraindik, ez dakigulako beti nola joko duen, edo bolumena, edo zaratak… Teknikoki pila bat ikasi dugu. Zaldi domestikatua gobernatzen ariko bagina bezala gaude, bizitasun puntu horri eusten.

Postpunk gisa definitzen duzue taldea. Nondik edaten du baina?

Kantak ezberdinak dira beren artean. Gure backgrounda bilatzen ari gara oraindik. Esan daiteke hor dagoela punka. Esan daiteke elektronika eta popa ere hor daudela. Ez dago, ordea, talde bat esaten duguna: hauxe gara, horrelako kantak egingo ditugu. Erreferente asko ditugu, baina ez dugu bilatzen horiek imitatzea. Justu alderantziz gertatzen zaigu, kantak egin ahala esaten dugu: ostra, honen antza du! Gainera, gehiago interesatzen zaigu eszena edo estetika jakin bat izatea, musika estilo bati lotu baino gehiago. Gordintasuna. Garai gogorretan bizi gara, ilunetan, eta horri kantatzen diogu. Egon dira urte asko musika “jatorra” edo “bienqueda” egin direnak, eta guk horretatik aldentzeko gogoa dugu. Euskal eszenan badaude talde batzuk interesatzen zaizkigunak, batez ere haien eszena gordina delako. Adibide modura, Vulk talde bizkaitarra.

Udarekin batera, jaialdiak eta herrietako jaiak… Aurrerapenik?

Datorren asteburuan Marsellan izango gara. Gainera, uztailean Donostiako Jazzaldian jotzeko aukera izango dugu eta Saran ere emango dugu kontzertu bat. Hori oso ona izango da. Pixkanaka lotzen hasi gara kontzertutxo batzuk.