Aritz Aranburu (Zaldibar, 1993) 'Ezta Ilen' musika taldeko abeslari eta baxu-jotzailea da. Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua da, eta gaur egun historia ikasketetan ere murgilduta dago. Ofizioz harakina bada ere, gazte-gaztetatik bizi izan da musikari estu lotuta ('Worth it' taldean aritu da, besteak beste).

Pandemia garaian hasi ziren 'Ezta Ilen' proiektua izango zena martxan jartzen, eta aurten kaleratu dute beraien lehen diskoa: post punk estilokoa eta iluna. Ordutik, etenik gabe dabiltza txoko bateko eta besteko eszenatokietan beraien lana defendatzen.

Abesti bat

'The Stone' roses taldearen 'I wanna be adored'. Baxua jotzen hasi nintzenean, eredu eta influentzia zuzen izan nuen Gary Mani Mounfield taldeko baxu jotzailea, jotzeko zeukan eragatik. 

Musika talde bat

'Minor Threat'. Ibilbide laburra izan arren, musikazale askoren influentzia bilakatu da, energia eta zuzentasuna haien abestiekin zabalduz.

Liburu bat

'Aztihitza' komikia, Agosti Xahori zuberotarrari buruzko historiari irudia jartzen diolako eta istorioa ezagutzera ematen duelako.  

Antzezlan bat

'Mierda de ciudad'. 80 eta 90eko hamarkadako euskal giroan oinarrituz, punkaren iritsiera, giro soziala eta abarrak kontatzen dizkigu obrak, garaiko gazte ezberdinen ahotsetatik.

Film bat

'Eraztunen jauna'. Historia eta fantasia kutsuek bat egiten duten horretan, beti izango naiz zalea.

Kultur espazio bat

Iparragirre rock elkartea. Zuzeneko musikaz gozatu eta esperientzia ezinhobea izateko parada eskeintzen digu. Musikariz osatutako elkartea, egitarau anitz eta ugaria eskeintzen duena.