Síguenos en redes sociales:

LiteraturaLaura MintegiIdazlea

Laura Mintegi: “Botere harremanak daude komunikazio egoera guztietan”

Laura Mintegik ‘Akabo’ kaleratu berri du, ‘Ecce homo’ argitaratu eta ia hogei urtera. Azken hori, gainera, oraintsu berrargitaratu du, biak Txalapartarekin. Seigarren eleberria du Mintegik, komunikazioaren inguruko gogoeta dakar suspensez jantzia

Laura Mintegi: “Botere harremanak daude komunikazio egoera guztietan”Javier Colmenero

Pertsonen arteko komunikazioaz eta, batez ere, haren absentziaz dihardu Akabo-k. Orainaldia eta lehenaldia tartekatzen dituen egitura paraleloa baliatuz, narratzailea Sheenaren eta Manuren barne munduak aurkezten joango da eta irakurlea, hasiera-hasieratik zer gertatu den badaki ere, orriz orri eramango du zergatik gertatu den eta aurrerantzean zer jazoko den jakin nahian.

Irailean argitaratu duzu ‘Akabo’ eta dagoeneko eginak dituzu lehendabiziko aurkezpenak. Zer iritzi jaso duzu irakurleen partetik? 

Alde batetik, poza sentitzen dut, nobela berri bat esfortzu handi baten emaitza delako eta azkenean eskuen artean daukazuenean, hor duzu urtetan egindakoa, baina jendearen iri-tziak entzun arte bertigo pixka bat ere senti-tzen da. Oraingoz jaso dudana positiboa izan da, baina denbora gutxi pasatu da.

Zenbat denbora eman duzu nobela honetan lanean? 

Hiruzpalau urte ibili naiz, baina gai batek harrapatzen nauenean urtetan izaten dut gogoan, eta nobela baten formarekin irtenbidea eman arte hor ibiltzen da bueltaka. García Márquezek esaten zuen idazle batek nobela bakarra idazten duela bizitza osoan, kapitulu diferenteetan, eta liburu bakoitza kapitulu bat dela. Neurri batean uste dut arrazoia duela. Obsesio batzuek harrapatzen gaituzte eta irtenbidea ematen diegu nobelaren bidez. Gai diferentea da nobela bakoitzean, baina finean mundu beraren ikuskera kontatzen ari gara.

'Akabo', liburua.

Aipatu izan duzu zerbaiten inguruan ikasi nahiak bultzatzen zaituela literatura idaztera. Kasu honetan, zeren bila abiatu zenuen ‘Akabo’? 

Liburuan bertan agertzen da Lacanen esaldia lelo moduan. Berak esaten du maitatuak bere buruari traizio egiten dionean eta traizio horretan pertseberatu egiten duenean, maitasunak ez diola jarraitzen. Ez dut ulertzen maitasuna modu erromantiko batean, bizitza proiektu moduan baizik: bikote batean, lankideen artean, adiskidetasunean, proiektu politiko baten inguruan edo helburu kultural baten inguruan. Uler-tzen dut maitasun dosi handia dagoela beste pertsona edo talde batekin bizitza proiektu bat eraikitzen duzunean. Hor badaude gutxieneko batzuk bete behar direnak: elkarrekiko konfiantza, komunikazioa, elkarrekin ibili nahi izatea… eta printzipio horiei uko egiten zaienean hautsi egiten da bizitza proiektu hori, eta bikote bat baldin bada, hautsi egiten da bikotea.

"Niretzat komunikazioa eskuzabaltasunaren gakoa da. Komunikazioa egoteko behar da ni dena zu bihurtzea, eta zu dena ni bihurtzea.”

Laura Mintegi . Idazlea

Hain zuzen ere, liburuak komunikazio falta du ardatz, bai bikote baten artekoa zein inguruko munduarekikoa. 

Niretzat komunikazioa eskuzabaltasunaren gakoa da. Komunikazioa egoteko behar da ni dena zu bihurtzea, eta zu dena ni bihurtzea. Horrela eratzen da komunikazioa: solaskideak alternatzen dira, baina une batean soilik dagoenean ni eta ni, eta ez dagoenean zu-rik, hor ez dago komunikaziorik, bakarrizketa da. Edozein harreman zintzotan ezinbestekoa da komunikazio hori mantentzea, eta besteari entzutea. Askotan, zekenkeriagatik, eskuzabaltasun faltagatik eta berekoikeriagatik, edo botere-harremanengatik, inposaketagatik… apurtu egiten da komunikazioa eta proiektua. Horrek interes handia sortzen dit.

Bigarren mailako kontakizunean hizkuntzen arteko menderakuntza dinamikak azaltzen dira, baina baita beste komunikazio modu batzuk ere, ordenagailuen hizkera kasu.

Komunikazioan kodeak daude, batzuk partekatuak, batzuk inposatuak, batzuk unibertsalak, eta beste batzuk oso lokalak. Hor sartzen ditut hizkuntzak: izan daiteke gaelikoa, euskara, katalana, ingelesa; izan daitezke Java eta HTML hizkuntzak, edo izan daiteke xake jokalariek daukaten kodea ulertzeko nola mugitzen ari diren piezak. Elkar ezagutzen ez duten bi pertsonek elkar komunikatu dezakete jakinda nola mugitu alfila, zaldia edo dorrea, eta kalera ateratzen direnean batek egiten du koreeraz eta besteak swahiliz; agian bizitza errealean ez zuten komunikatuko. Kode diferenteak daude, amankomunean dutena zera da, edo elkarren artean adosten dugu horrek hori esan nahi duela, esaterako, trafiko seinaleak, edo bestela botere harremanen bidez inposatu egiten da bata bestearen gainean, eta hori guztia agertzen da nobelan. Botere harremanak daude komunikazio egoera guztietan.

Laura Mintegi idazlea, Donostian, ‘Akabo’ eleberria aurkezten.

Narrazioak egitura paraleloa dauka, iragana eta orainaldia uztartzen ditu, amaieran bi planoak elkartzen diren arte, eta irakurleak hasieratik bertatik jakingo du Sheenak Manu bikotekidea hil duela.

Beharra sentitzen nuen hasierako momentutik esateko: hau da dagoena. Harreman honek ez du funtzionatzen, eta pertsonaia batek eman dion soluziobidea guztiz erabatekoa da. Aldi berean sentitzen nuen bi gauza esplika-tzeko beharra: batetik, nola heldu diren egoera horretara, eta hor daude iraganeko atalak; eta, gero, modu alternoan daude gaur egungo atalak, zer gertatuko den ekintza hori eta gero. Jakin-min handia dago jakiteko zer gertatuko den horren ostean, publiko egingo den, ondorioak izango dituen… Bai iraganean eta bai orainaldian bietan dago jakin-min handia: prozesu bat da elkar eta maitemindu zirenetik erabateko egoera horretara heldu arte. Azkenean, bikotekidea garbitu du, eta, orain zer? 

19 urte joan dira azken nobela argitaratu zenuenetik, ‘Ecce homo’, eta aurki hura ere berrargitaratuko duzu Txalapartarekin. Zer lotura dute bata bestearekin?

Bakoitzak bere gaia dauka eta jakin-min desberdin batetik abiatu ziren. Kasu honetan, gaia izan da nolako eragina daukan inkomunikazioak eta nola eragin dezakeen harreman batean norbere buruari traizio egiteak. Ecce homo-ren gaia zen zer modu diferenteetan egin daitekeen politika jarrera maskulino eta femenino batetik, generoa kontuan izanda. Denetan konstantea da arakatu nahi izatea zer nolako erreakzioa daukan pertsona batek muturreko egoera batean bizi denean. Zirt ala zart egin behar duen momentu batean, hori da interesatzen zaidana. Larrialdi hori aurrean dut nobela guztietan, eta gero eraiki egiten ditut pertsonaiak ikusteko beraiek nola joka-tzen duten. Horregatik askotan nobelak kaleidoskopikoak dira, problema berberari ikuspuntu desberdinetatik heltzen diotelako pertsonaiek. Sisifo maite minezen gertatzen zen, gertatzen da Ecce homo-n, gertatzen da nire lehenengo nobelan, Bai… baina ezen. Hor jakinmina intzestua zen, egunkarian irakurri nuen albiste batetik abiatu zen. Gustatzen zait gaiei heltzea hainbat pertsonaiaren ikuspuntutik

Kasu honetan, adibidez, hirugarren pertsonan dago idatzia, baina irakurlea erraz murgiltzen da pertsonaia baten eta bestearen artean, eta elkarrizketarik gabe ere haien ahotsak entzun daitezke. 

"Niri ez zait interesatzen nobela batean elkarrizketa batean dauden hitzak esatea, beste guztia deskribatu nahi dut”

Laura Mintegi . Idazlea

Sarri egiten dudan gauza da. Horren muturra izan zen Ecce homo: etengabeko elkarrizketa da elkarrizketarik entzun gabe. Guk ez dugu pertsonaiek esaten dutena entzuten, solaskideak esandakoaren harira pentsatzen dutena baizik. Elkarrizketa guztietan bezalaxe, batzuetan gertatzen da elkarrizketa aurrera doala eta solaskide bat geratzen dela bueltak ematen kideak esandakoari. Batak solasean segi-tzen du eta bestea esaldi baten inguruan korapilatzen da. Asko interesatzen zait hori, komunikazioa bere sakontasunean begiratzea delako. Ez dugu hitz egiten bakarrik hitzekin. Ez-berbazko jarrerekin, begiradekin, eskuekin eta jesartzeko moduarekin ere mintzo gara... Hori guztia erabiltzen dugu komunikatzeko, eta hitzak labur geratzen dira sarri. Niri ez zait interesatzen nobela batean elkarrizketa batean dauden hitzak esatea, beste guztia deskribatu nahi dut.

Lehen aipatu duzu norbere buruari traizio egitearen eragina aztertu duzula ‘Akabo’-n. Zer esan nahi du horrek?

Traizioa da bikotekide batekin edo kolektibo batekin bizitza-proiektua sortzea eta, une batean, jarrera aldatzea eta kideekiko komunikazioa haustea. Ez entzunarena egin edo ez komunikatu. Isiltasunean babestea. Komunikazioa hausten dugunean, konfiantza hausten da eta komunean egon den proiektua ere hautsi egiten da. Bizi proiektua modu zabalean uler-tzen dut, politikan, kulturan, lagunartean edo bikotean. Eskuzabaltasun ekintza iruditzen zait komunikatzea, zentzu sakonenean, eta horren baitan entzutea ere sartzen dut. Zekenkeria ikaragarria ikusten dut inguruan, zer esanik ez geopolitikan, inork ez dio inori entzuten, baina baita gure egunerokotasunean ere. Besteak hitz egiten ari direnean pentsatzen ari gara zer esango dugun, ez gara entzuten ari. Oso eskuzabala izan behar da besteei entzuteko eta nor bere buruaz oso seguru egon. Ez badakizu nor zaren, beldurra izango diozu besteari entzuteko, agian kolokan jarriko duelako zure izaera bera. Zure buruaz seguru egon behar duzu, besteei entzuteko prest egoteko.