laba ez da soilik leku bat; hizkuntza baten taupada da, komunitate baten arnasa. Iruñeko bihotzean, euskaraz bizitzeko eta sortzeko gune bat eraiki dute, elkargune bat, asmoek eta horien gauzatzeak bat egiten duten tokia. Laban lehen hitza beti da euskaraz, eta hortik abiatzen da dena: musika, literatura, solasaldiak, jolasak eta lagunarteko topaketak. Labaren asmoa euskaratik eta euskaraz sortzen den esperien-tzia kolektiboa eskaintzea da, egunero berritzen den sua bezalakoa. 

Proiektuaren oinarrian sineste bat dago: euskarak espazio propioak behar dituela, arnasa hartzeko tokiak, elkartzeko eta sortzeko guneak. Horregatik, Laba ez da soilik areto edo taberna bat; topagune bat da, euskararen inguruan sortutako komunitate bizia.

Ideia, asmo, nahi... batetik abiatu ohi dira proiektuak, eta gero zehazten dira horien forma, itxura, kokalekua. Baina, Laba pandemia betean sortu zen, alderantzizko ibilbidea eginez, Olaia L. Garaialde Laba kideak azaldu modura: “Askotan, lehenengo proiektu bat sortzen da, eta gero bilatzen da hori nola gauzatu, non gauzatu. Laban alderantzizko joera bizi izan zuten: pertsona batek bazeukan leku bat, non euskal kultura sustatu nahi zuen, eta gune hori areto modura erabiltzeko proposamena luzatu zuen. Orduan hasi ziren Labaren norabidea definitzen, pandemia betean”. 

Labaren asmoa euskaratik eta euskaraz sortzen den esperientzia kolektiboa eskaintzea da.

Espazioa agertu zen lehenengo, eta hortik jaio zen ideia. Horrela hasi zen Laba, non eta Iruñeko Gaztelu plazaren bihotzean. 2021ean aurkeztu zuten egitasmoa, eta 2022ko urtarrilean zabaldu zuten egoitza. Aurtengo otsailean, baina, gunea eraberritzeko asmoz, ateak itxi zituen, eta, sei hilabetez handi-tze lanak egin ostean, Laba handiagoa da, espazio zabalagoa hartzen du, ondoan zegoen Windsor taberna eta Laba bateratu baitituzte. “Fisikoki, esan dezakegu Laba desberdina dela, desberdin ikusten dela, beste itxura bat daukala, baina helburua bera da: filosofia bera dauka, baita esen-tzia ere”, baieztatu du Garaialdek. 

Hori bai, bi pisu ditu orain, sukaldea beheko pisuan dago, eta goian taberna zein jatetxe zerbitzua eskaintzen dute. Ze, kultur aretoa izateaz aparte, dastatzeko leku bat ere bada orain: gosariak, bazkariak eta afariak ematen dituzte, eta hori Torino Berriak kudeatzen du. 

Distribuzioa bestelakoa da: barra sartu eta eskuinean dago, eta txoko ezberdinak ditu aretoak: oholtza nagusiaz aparte, musika ondo en-tzuteko eta lasai egoteko txokoa jarri dute, listening bar delakoa, Nafarroako lehenengoa. “Soinu aldetik, Laba bestelako esperientza bat da orain. Areto nagusiaz gain, izkina batean badago binilo batzuk lasai entzuteko gunea, eta horri deritzogu listening bar”, jakinarazi du Labako kideak. Zehaztu du gune horretan biniloz betetako horma jarri dutela, soinu ekipo guztiz berrituarekin, bertan musika entzun ahal izateko. Izan ere, hi-fi motako soinu ekipoa jarri dute, Larra etxeko tailerretan eskuz egindakoa, Ultzamako oholekin. “Asmoa da egunero binilo bat jartzea, baita euren lana aurkeztu nahi dutenei horretarako espazioa ematea ere. Gune oso atsegina da; izkina horretan sofa bat dago, baita eserleku eta mahai txiki bat ere. Pribatuagoa dela esango nuke”, gehitu du.

Ateak zabaldu zituenetik, egitarau oparo bat eskaintzen aritu dira, baina itxita egon den bitartean ere bai.

Horrez gain, ezaugarri nagusienetakoa kalitate teknikoan emandako jauzia izan dela dio Garaialdek. “Lehen, zerbait antolatzen genuen bakoitzean, bozgorailuak ateratzen eta musika ekipoa prestatzen ibiltzen ginen. Orain, soinu instalazio ona daukagu, CincienciArtek egin duena, eta horri esker kalitatezko soinu esperientzia eskain-tzen dugu”, dio. Aretoa hainbat gunetan banatu dute, eta horrek aukera asko ematen dizkie, giroaren eta ekitaldiaren arabera. Argi instalazio “berezia” jarri dute, giro ezberdinak sortzeko balio duena, ekitaldiaren arabera. Gainera, komunak ere eraberritu dituzte, eta bertaratzen direnei handik pasa-tzeko gonbidapena egin diete, “oso polita” omen da.

Indarberrituta

Egoitza eraberritu dute, proiektua sendotzeko. “Aldatu da itxura, eta horrek ere beste aukera batzuk ekarriko ditu, baina esentzia berbera da. Gure asmoa beti izan da eta da Laba izatea euskaraz biltzeko leku bat, euskaraz aritzekoa eta sortzekoa. Euskaratik eta euskaraz sortu den proiektu bat da, eta gure helburua da euskal kulturari erreparatzea. Egiten dugun kultur eskaintza, antolatzen duguna, mugitzen ditugun dinamikak beti dira euskaraz. Noski, orain taberna bat denez, eta lehen kafetegia, euskaraz ez dakienari ere entzuten zaio, baina gure hautua da beti lehenengo hitza euskaraz izatea”. 

Berrindartuta dator Laba, baina euskaratik eta euskaraz biltzeko filosofia da oinarria. Helburu hori lortzeko bidean, denetarik egiten dute. Batzuetan, elkartean propio sortzen diren proposamenak aurrera eramaten dituzte, denen artean adosten dituztenak; eta, beste ba-tzuetan, kanpotik etortzen diren ekintzak bultzatzen dituzte. 

Ateak zabaldu zituenetik, egitarau oparo bat eskaintzen aritu dira, baina itxita egon den bitartean ere bai. “Labako kultur eskaintzak jarraitu du, eta polita izan da, ze Laba itxita zegoen arren, herrikoan elkartu garelako. Beste elkarte ba-tzuekin ere lan egiten dugu. Esaterako, iaz ibili ginen Labea ekimena aurrera eramaten, bakarrizketen probalekuarekin, baina Tribialaban ere bildu ginen, eta Ongi Etorri Iruñera zikloa antolatu genuen. Horiek orain ere mantentzen dira”, jakinarazi du.

Eta hori guztia Gaztelu plazatik egiten dute, Iruñeko bihotzetik. “Bihotz horretan euskara susta-tzeko horrelako proiektu bat egotea ederra da. Oso polita da, baina ez dugu gure helburu hori Gazteluko plazara bakarrik mugatzen, hortik dei bat egiten dugu, eta gure egitekoa zabaldu”, onartu du Garaialdek. Izan ere, jakinarazi du, berrindartutako proiektu honekin, etapa berri honetan, euren zeregina beste auzo batzuetara zabaldu nahi dutela, ez fisikoki, baina bai elkarlanaren bitartez. Esterako, Arrosadian zerbait egiteko lanean dabiltza: “Asmoa da Arrosadia auzoan zerbait egitea, eta ari gara oso polita den zerbait kozinatzen bertako eragileekin elkarlanean. Saretze hori ehuntzeko asmoz ari gara lanean, euskara beste leku batzuetara eroanez”.

Horrez gain, proiektu berriak ere jarri dituzte martxan aurten; tartean, Hazitegia beka. Euskara sustatzea helburu duten egitasmo berriak bultzatzeko beka jarri zuten martxan.

Eta, Tribialaba bezalako ekimenak egiten ere jarraituko dute. “Jendeari gustatzen zaio, gustura egoten da. Labara jende asko etortzen da euskara praktikatzera eta ondo pasatzera. Giro polita sortzen da, eta horrek komunitatea zabaltzeko zein lagunak egiteko ere balio du”. 

Sortzeko gune izateaz aparte, sozializatzeko eta elkarrekin komunikatzeko lekua ere bada Laba, eta giro ezberdinak sortzen dira bertan. Egitarauak ondo islatzen du hori, ekitaldiak programatzea tresna ona baita adin eta gustu desberdinetako herritarrak, lagunak, bizilagunak edota ezezagunak elkar-tzeko. “Bertso saioak, haurrei bideratutako album ilustratuen aurkezpenak… denetarik egiten dugu. Jarraitzen dugu publiko zabal batentzako txokoa izan dadin lanean”. Gainera, beraienak diren proposamenez gain, ekarpenak ere ondoetorriak dira Labako kideen artean, entzuteko prest baitaude. Denen artean hilabete honetan ere eskaintza zabala prestatu dute, eta beraien webgune berrian aurki daiteke: laba.eus. 

Bakarrik ezin da. Bakarrik egiterik ez dago. Labari bazkideek ematen diete sostengua, eta Laba kideek, forma. “Denon artean bultzatzen dugu proiektua, denok gara militanteak, eta arduren arabera antolatzen gara”, kontatu du Garaialdek. Nafarroako Gobernuarekin ere hitzarmena dute sinatuta, eta horri esker, ekitaldiak antolatzen jarrai dezakete. 

Agenda:

  • Urriak 15. 15 egun, 15 kontzertu – Musika zuzenean, 18:30ean.
  • Urriak 16. Jurgi Ekizaren kontzertua, 19:00etan.
  • Urriak 17. Txalaparta emanaldia Sergio Lamuerda eta Jabier Leozekin, 19:00etan.
  • Urriak 18. Aske jaialdiaren aurkezpena, 12:00etan.
  • Urriak 21. Mahai joko kedada, Taupadaren eskutik, 18:00etan.
  • Urriak 23. Labea, 19:00etan.
  • Urriak 24. Bertsoplazerrak, Sare Elkartearen eskutik, 19:00etan. 
  • Urriak 25. Heptameron abesbatzaren eskutik, ‘Erresumaren doinua’ kantaldia, 12:30ean. 
  • Urriak 28. Tribialaba, 19:00etan.
  • Urriak 29. Garbiñe Ubedak idatzitako Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza liburuaren aurkezpena, 18:30ean.
  • Urriak 30. Ongi etorri Iruñera, 18:30ean.

Izan ere, horrelako espazioek “berebiziko garrantzia” dute Iruñean —nonahi ere bai—, arnasgune bihurtzen baitira: “Euskara zenbat eta espazio gehiagotan egon, orduan eta hobe. Benetan bermatu behar da euskara hutsean programazioa eskaintzen duen espazio bat badagoela. Arnasguneak dira holako lekuak, eta horrelako gauzak egiten dituzten espazioekin elkarlanean aritzea oso polita da”. Horregatik, Laba ez da soilik areto edo taberna bat; topagune bat da, euskararen inguruan sortutako komunitate bizia.