Síguenos en redes sociales:

Kultur gomendioak

Oiane Aramburu Mezoren kultur gomendioak

Oiane Aramburu Mezoren kultur gomendioak

Abesti bat: Ezinezkoa zait bat bakarrik aukeratzea, baina baten bat aukeratu beharko banu betidanik oso gogoko izan dut Janet Kay-ren Silly Games abestia. Azken asteotan gogoz entzun dut Lourdes Iriondoren Gaua abestia.

Musika talde bat: Putas Amak.

Liburu bat: Klasiko bat gomendatuko dizuet, Un mundo feliz. Huxley, beldurgarria da gaur egungo bizitzarekin duen lotura, distopia.

Antzezlan bat: Kulunka konpainiaren Forever antzezlana.

Film/telesail bat: Las buenas compañías, oso pelikula interesgarria iruditzen zait, eta Euskal Herrian grabatutakoa da, gainera; Basauriko 11etan inspiratuta dagoen istorioa da.

Kultur espazio bat: Espazio autogestionatuak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit, horien artean Mogambo eta Guardetxea aipatuko nituzke, batez ere Donostiaren izaera mantentzen saiatzen ari direlako.

Oiane Aramburu Mezo (Portugalete, Bizkaia, 1984) arkitektoa da ogibidez, baina musikak markatu dio erritmoa azken 17 urteetan. Berea izan da Tacumah Reggae Band taldearen ahotsetako bat; eta, horrez gain, arrastoa utzi du reggae unibertsoko beste hainbat proiektutan ere bai; hala nola, Truth Townen eta Dr. Deslayren azken diskoan, laster argitaratuko dena. Azken hiru urteetan norabide aldaketa, elektrikoa, hitzaren zentzu guztietan, egin du Putas Amak taldeko kide gisa. Egia auzoan sortutako taldea da honakoa, eta musika elektronikoa parkeetatik eszenatokietara eraman dute. 2025eko apirilean kaleratu zuten euren lehen EP-a, Ez goaz inora, (Lera estudioan grabatuta).