Síguenos en redes sociales:

Durango azoka

Bizitzaz eta berrikuntzaz beterik ospatuko du Durangok 60. Azoka

Hirurogeigarren edizioa beteko du abenduero-abenduero euskal kulturaren erdigune bilakatzen den Durangoko Azokak. Urteak joan, urteak etorri, kultur adierazpen anitzen elkargune izaten jarraitzen du Landako Gunetik askozaz harago. Azokaren bizitasunaren erakusgarri dira Zu non, han DA! kanpaina, aurten lehen aldiz azoka baino lehen iritsi dena, eta BaDA!bil podcasta, hirugarren denboraldia bete be duena Amets Arangurenen gidaritzapean

Bizitzaz eta berrikuntzaz beterik ospatuko du Durangok 60. AzokaDurangoko azoka

“Durangoko Azoka beti ulertu dugu zerbait bizia bezala, aldatzen dagoena eta aldatuko dena”, horrela definitu du Azokak Iune Ruiz Tagle Gerediaga elkarteko kide eta Zu non, han DA! ekimeneko koordinatzaileak. Bizitasun hori da, hain zuzen, euskal kulturgintzaren abenduko elkargune handia sei hamarkada ospatzera iritsi izanaren gakoetako bat. “Azkar esaten da, baina lan izugarria gordetzen da sei hamarkada hauen atzean”, azpimarratu zuen Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak egitarauaren aurkezpen ekitaldian 

Irudi luke zaila dela hirurogei edizio berrikuntza eta nobedadez betetzea, baina egitarau bakoitzari erreparatuz gero zailagoa begitantzen da hainbeste jarduera ekimen beraren baitan antolatzea eta biltzea. Urtero-urtero programazio bete-betea prestatzen du Gerediaga elkarteak euskal kultur sortzaile eta eragileekin elkarlanean Durangoko Landako gunean eta inguruetan, eta hirurogeigarren edizioa ez da gutxiagorako izango. Bi gune berrirekin dator aurtengo edizioa: Berbagailua eta Atartea. Lehena podcasten plaza izango da, bigarrena, ordea, arte ederrena.

Durangoko azokan.

Nolanahi ere, berrikuntzok ez dira urtemuga ospatzeko aitzakia, Azokak berak sei hamarkadotan jarraitu duen berrikuntzarako eta arte-diziplina berrietara egokitzeko bidearen jarraipen naturala baizik. Horrela, abenduaren 5etik 8ra bitartean Landako Guneak 285 erakusmahai hartuko ditu, 1026 kultur nobedade egongo dira eskuragarri literatur-, musika- eta bestelako lanen artean, eta horietako 273 aurkezteko ekitaldiak egingo dituzte ekimenak irauten duen bitartean.

Gauean ere izango da berrikuntzarik, azoka itxi ostean egitaraua luzatuko baita askotariko emanaldi eta ikuskizunekin. Lukiek eta Ezezez musika taldeek izango dute lehen gaua girotzeko erantzukizuna eta bigarrenaz arduratuko dira Mirua eta Naxker. Iluntze horretan bertan, abenduaren 6an, Behe Banda taldeak errezitala eta bostOK konpainiak emanaldia eskainiko dute. Hurrengo gauean Formol laborategiaren ikuskizuna eta Bittor Kapanaga kulturgilearen omenezko ekitaldia izango dira Landakon, Paul Urkijo zuzendariak lagundutako Gaua filmaren proiekzioaz gainera.

Hasi baino lehen, beroketa 2020an jarri zuen martxan Gerediaga elkarteak lehen aldiz Zu non, han DA! ekimena, Durangoko Azoka Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz. Batik bat liburu aurkezpenak egiten dituzte hainbat herritako liburu-denda eta kultur saltokitan, eta bost urtez ekimenak denboran eta espazioan luzatu du Azoka, haren ostean antolatu izan baitute. “Ekimena 2020an hasi zenetik helburua izan da bai saltoki, bai sortzaile eta bai herritarren arteko sare bat elikatzea eta zubi bat eraikitzea, Azokatik kanpo kultur mailan eragitea eta hauspo-tzea”, laburbildu du Iune Ruiz koordinatzaileak.

Durango azoka.

Zu non, han DA! dinamikaren bidez sortzaileen, publikoaren eta saltokien arteko zubiak eraikitzen laguntzen du Gerediaga elkarteak, baina dinamikaren ibilgua protagonistek gidatzen dute: “Guk programatzen dugu, baina sortzaileei eta liburu-dendei esker, eurek kudeatzen duten kanpaina bat da”, zehaztu du dinamikaren koordinatzaileak.

Hain zuzen ere, sortzaile eta saltzaileekin duten hartu-eman zuzenaren emaitza da aurtengo aldaketa. Iune Ruizen hitzetan, hain da handia Azoka, hainbeste gauza programatzen dira sortzaileei esker, ezen badirudien amaitutakoan inadargabetzen dela. Hori dela eta, aurten aurreratzea eba-tzi dute, beroketa gisa: “Asmoa azoka pizten hastea da”. 

Azaroaren 17an hasi eta abenduaren 5era bitarte luzatuko da ekimenaren seigarren edizioa, Durangon kulturaren festa lehertu bezpera arte, hain zuzen, eta 88 liburutegitatik igaroko da martxan egongo den ia hiru asteetan. “Aste hauetan zehar hasiko gara jada azoka hasi den sentsazioarekin”, aipatu du Ruizek.

Hari-mutur guztietatik tiraka

Durangoko Azokaren atariko beste ekimen bat BaDA!bil podcasta da. Aurten hirugarren denboraldia bete du Amets Arangurenen gidaritzapean. Edizio bakoitzean bost saio grabatzen dituzte euskal kulturarekin lotutako gai desberdinak lan-tzeko, hainbat gonbidatuk lagunduta. Iaz bezala, aurten ere zuzeneko saio bat grabatuko dute Azokan bertan, ekimena borobiltzeko. Hiru Damatxo ekoiztetxeak EITB Mediarentzat ekoitzitako proiektua da eta Guau plataforman zein beste zenbait kanaletan dago entzungai. Hirugarren denboraldian kultur espazioak, lehia, musika, euskal zinema eta identitate disidenteak oholtzan izan dituzte mintzagai.